Slide taldeak ongi etorria emango dio bihar "Agur" diskoari

Ander Gomez 2025eko azaroaren 27a

Egoitz San Martin, Aitzol Hidalgo, Aitor Castillo eta Josu Cascan, Slide taldeko kideak. Argazkia: Maitane Campos.

Rock talde ermuar-eibartarrak "Agur" izeneko EPa kaleratu berri du. Bariku honetan aurkezpen-kontzertua egingo dute Eibarko San Andresetako egitarauaren baitan, eta datorren barikuan Ermuan izango dira, Karikaton.

Ermuan eta Eibarren jaiotako taldea da Slide, egungo formazioa herri desberdinetako musikariek osatzen duten arren: Egoitz San Martin (ahotsa eta gitarra) eibartarra da, Aitzol Hidalgo (gitarra) azpeitiarra, Aitor Castillo (baxua) astigarragarra eta Josu Cascan (bateria) ermuarra. Orain bi urte kaleratu zuten lehen lana, "Cowtion!" (2023, autoekoiztua), eta pasa den urriaren 2an argitaratu zuten azkena, "Agur".


Argazkiak: Maitane Campos. Artea: Ane San Martin.

Izenburuak kontrakoa iradoki lezakeen arren, lan berri honekin garbi utzi dute gelditzeko etorri direla. Sei kanta biltzen ditu eta bitan luxuzko kolaborazioak dituzte: "Zalantzak" abestian Ezpalak taldeko Juanjo Berasainek kantatzen du, eta "Anekdotak"-en Habi taldeko Yeray Belek. Grabazioa eta nahasketak Hildagok berak egin ditu Donostian duen estudioan —bateriak ez ezik, Elkarren grabatu dituztela Victor Sanchezekin—, eta masterizazioa Estanis Elorzaren esku egon da, Doctor Master estudioan. Borobiltzeko, doinuei irudiak jartzearen arduradun izan dira Ane San Martin diseinatzailea eta Maitane Campos argazkilaria.


Goian, kanta bakoitzaren mostratxoa entzungai.

Zaleei sareetan lan berria entzuteko tartetxoa emanda, EPa ezagutzera emateko biran murgilduko dira orain. Azaroaren 28an (bihar, 20:00etan), Eibarko EzDok tabernan izango dira; abenduaren 5ean, Ermuko Karikato tabernan; eta abenduaren 13an, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, Indabe eta Miniño taldeekin batera. 2026ko urte hasierako data bi ere itxi dituzte: urtarrilaren 30ean Mutrikuko Gaztetxean izango dira, eta otsailaren 28an Bilboko Nave 9n, berriz ere Miniño taldea lagun.

Laster data gehiago iragarriko dituztela agindu dute, baina momentuz, burua EzDok eta Karikatoko lehen kontzertuetan dutela diote: "lan berria oholtza gainean aurkezteko irrikitan gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.