Burdina egon ez gure parajeotan eta mineral horrekin lotutako jarduera betidanik errotuta egotearen arrazoiak, historiagileen ustetan hainbat aldagairi erreparatuta ulertu daitezke: nahi beste ur izatea, indar hidrauliko bezala erabiltzeko; inguruko basoetako zuhaitz ugaritasuna, egur-ikatza sortzeko ezinbesteko; burdina ustiatzen zen meategiekiko gertutasuna; tramo batzuetako Deba ibaiaren nabigarritasuna, ekoiztutakoa itsasoratzeko bide; terrenoaren orografia malkartsua, babesa ahalbidetzen zuena; egokitzeko trebetasuna, ofizioak izandako gora-behera guztiei aurre egiteko lagun ona beti…
Burdinaren ustiaketan Bizkaiko meatzalde ingurua erreferente izan zen bezala, haren eraldaketa prozesuak Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat lekuri begira jartzen gaitu. Berauetan kokatutako burdinolek (Debabarrenean bakarrik XV. mendean hogei bat zeunden), arrabioa urtu eta eguneroko bizimodurako tresnak egiteaz gain, armak ere egiten zituzten: ballestak, lantzak… Ondorioz, olagizonetatik armaginetara transmititutako jakindurak mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi bidaiatu zuen. Hasierako arma zorrotzak egiten garatutako ezaguera eta eskarmentua, gerora su-izkiluetan jakin zuten aplikatzen; kalitatezko langaiak erabiliz, zidarra edo urrearekin edertuz, artisautza lan bikainak atera ziren gure armaginen eskuetatik, asko eta asko benetako artelanak. Entzute handia izan dute munduan barrena bailara honetako arkabuz, errebolber, abankarga, laban, pistola eta eskopeta; Europako historia ere bestelakoa izango zen lurralde desberdinen eraso edota defentsan tresna horiek egon ez baziren.
XIX. mendean ondo sartuta ere, eskuz egiten zen prozesu guztia eta ekoizpena ordenantza gremial batzuetara zegoen mugatuta. Azterketa bat gainditu eta nahikoa ezaguera eta maisutza erakutsi behar zen gremioetako baten sartzeko: kanoigileena, txispaginena, kaxaginena eta aparejuginena. Ez dira imajinatu behar gremioka kokatuta edota gaur eguneko lantegiaren ikuspuntutik: familia arteko tailer txikietan egiten zuten lan, euren etxe edo baserrietan zein etxepeko peoretan.
Historia kronologikoki
Burdina eta armak gure historiaren ardatz izan diren zantzuak, ondoko ibilbide kronologikoan:
- 1372. Don Juan Infanteak Ermuari ematen dio bere sorrerako hiri-gutuna, errotak eta burdinolak jartzea ahalbidetuz. Mallabiak ez du ziurtatzen duen dokumenturik, hiribildu beharrean elizatea delako.
- 1420. Ganboatar eta oinaztar bandokideen arteko borrokaldi sutsuak; lehenengo aldiz jasotzen da idatziz su-armak erabiltzen direla.
- 1424. Deba Ibarreko burdinoletako jarduera, garrantzitsua da ordurako.
- 1458. Idatziz agertzen da Ermua “Villa ferrera d´Hermua” bezala. Aurrerago, “ferrona” legez ere izendatuko dute.
- 1481. Eibarren lonbardak egiten direla aipatzen duen lehen eskuizkribua.
- 1513. Altzolako erreka-portua martxan dago eta Debatik Europara zabaltzen dira produktuak.
- 1516. Plazentziako 141 espigarda eramaten dira Eibarrera, Ermuan kulatak jarri ostean. Mendeetan, hauek egiteko intxaurrondo-egurra erabiliko da, bere gogortasun, kalitate, kolore-gama eta armaren heldulekuari ematen dion edertasunagatik.
- 1521. Entzute handikoa da bailarako armaginen trebakuntza armen eskulangintzan.
- 1573. Felipe II.aren aginduz, Plazentziako Armen Errege Fabrika eraikitzen da, Eibar, Elgoibar eta Ermuko armaginen ekoizpena biltzen duen administrazio-organoa. Haren bitartez Gaztelako koroaren eskaerak bermatzen dira, honen funtzionarioen esku geratuz bere kudeaketa.
- 1728. Real Compañía Guipuzcoana de Caracas erakundeak hartzen du armen kontrola, Gaztelako koroa eta Plazentziako Errege Fabriken arteko bitartekari lanak eginez.
- 1770. Ermuak 8 errota eta burdinola bat du; idatzizko iturri desberdinen arabera, kopuruak aldakorrak dira.
- 1794. Frantsesek Ermua eta Eibar erasotu eta erre egiten dituzte. Estrategikoki muga ondoan egoteak duen arriskua saihesteko, arma fabrika berri bat eraikitzen da Trubian, Asturiasen. Euskal armagintzaren gainbehera dakar horrek, eskaera faltagatik eta armagin asko eta askoren exodoagatik.
- 1864. Delmasek idazten duenez Ermuko industria printzipala armen giltzak eta egurrezko kaxak egitean datza, armon kanoiak ere bertan eginez. Bidaiari honen berbetan: “Ermuko semeen izaera orokorrean belikosoa da eta egiten duten lanbidearen izaeratik dator: Sei Urteko gerran Bizkaiko batailoietan bereizten ziren, borroketan zuten bizitasunagatik eta armak erabiltzeko trebeziagatik.”
- 1898. Ermuan arma kontrabandoa antzematen da; inplikatua bilatu ezinik dabiltza.
- 1913. Eibarko Eskola Armeria inauguratzen da. Ohiko bihurtzen da ermuar eta mallabitar gazteen artean, egunez tailarrean edo baserrian lan egin ostean, iluntzean Armeriara joatea,
- nocturnora
- 1914. Ermuko alkateak, armagintza erabat geldituta dagoela argudiatuz, Diputazioan laguntza eskatzen du langileen krisia samurtzeko, baina ezetza jasotzen du.
- 1914. Ermua eta Mallabia, biak ala biak agertzen dira Zona Armera izendapenaren barruan.
- 1915. I Guda Mundiala. Eskaerak iristen dira Ingalaterra, Frantzia eta Italiatik.
- 1919. Eibarren, bailarako armaginen ekimenez, Armen Probaderu Ofiziala jartzen da, aurrerantzean Estatu osoko armak frogatu eta egiaztatuko dituena.
- 1920. Krisi berria armagintzan. Dibertsifikazioranzko lehen pausuak ematen dira.
- 1924. Ermuko armaginen batzorde batek herrian sortu gura duten sozietate baten estatutuak aurkezten ditu Gobernu Zibilean.
- 1926. Prezioen jaitsiera berri baten ondorioz, sektoreak beste krisi bat jasaten du.
- 1931. Neurria gerora samurtu bazen ere, Azaña ministroaren aginduz armak egitea debekatzen da eta Eibar, Ermua, Gernika eta Plazentziako lantegiek ekoizten duten guztia konfiskatzen da, baita baserrietakoa ere.
- 1939. Armagintza albo batera utzi eta bizikleta, elektrogailu txiki eta eguneroko tresnak ekoiztera egiten dute jauzi aktibo jarraitu eta eraldaketarako bidea hartzen duten tailerrek. Urteak beranduago etorriko da automozioaren sektoreari egindako ekarpena.

Santiago Salaverriaren izkillu-olea, Ermuko Zubiaurre kalean kokatutako etxebizitza-tailerra.