Gazako erasoak eteteko neurriak eskatzeko elkarretaratzea

Ander Gomez 2024ko urt. 29a, 13:35

Palestinaren aldeko manifestazioa, Ermuan.

Bihar, asteartea, Ermua Palestinarekin herritar ekimenak aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da Udaleko osoko bilkuran. Hori dela eta, saioa hasi aurretik elkarretaratzeko deialdia egin dute, 18:30etan, udaletxe parean.

Ermua Palestinarekin Ekimenak elkarretaratzea antolatu du «Gazako biztanleria duela ia 4 hilabetetik jasaten ari den genozidioa salatzeko». Mobilizazioak bihar (urtarrilak 30) egingo den osoko bilkurarekin bat egingo du. Bertan, ekimenetik aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da.

Mozioan hurrengo adierazpenak zerrendatu dituzte, Udalak berauekin bat egitea eskatuz:

1. Hamasek urriaren 7an egindako erasoak ez ditu Israelen erasoak justifikatzen. 

2. Su-eten osoa eta mugagabea, Gazako blokeoa eta Zisjordaniako erasoak etetea, eta herritarrak beren lurraldera itzultzea.

3. Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak Israelekin harreman diplomatikoak, komertzialak eta militarrak eten ditzatela, Ukraina inbaditu ondoren Errusiarekin egin bezala.

4. Erasoek irauten duten bitartean, bandera palestinarra jartzea udaletxeko balkoian.

Osoko bilkura 19:00etan izango da eta elkarretaratzea ordu erdi lehenago egingo dute, udaletxe parean, 18:30etan.