Etxebizitza sailburuorde Pedro Javier Jaureguik eta Ermuko alkate Juan Carlos Abascalek alokairuko etxebizitza dotazionalak eraikitzeko akordioa aurkeztu zuten atzo, astelehena, udaletxean.
Etxebizitza egoki eta duina lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei zuzenduta garatzen dira horrelako proiektuak eta, kasu honetan, gazteenei bideratuko dela aurreikusten dute; «35 urtez azpikoei», zehazki. Hala ere, ez dute baztertzen adineko pertsonak ere barne hartzea: «gazteen eskaria handia bada osorik eskainiko zaie; bestela, banatzeko aukera ere badago, adibidez, 20 adinekoentzat eta beste 60ak gazteentzat».
Normalean, esleipena «momentuko eskariaren arabera» erabakitzen dela adierazi zuen Jaureguik eta "moldakortasun" horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen alkateak ere, Abeletxeko kasua adibide bezala jarrita: hezkuntza zentro bat planteatu zen hasieran, baina ikasgune gehiagoren behar eza ikusita, Ermuak duen «problematika handienetakoan» zentratzeko hautua egin zutela kontatu zuen, hau da: «etxebizitzak eraikitzeko lur eskasian».
Epeak eta baldintzak
2025rako proiektua adjudikatuta izatea espero dute eta obrari 2025-2016 urteetan zehar ekingo diotela, 2028. urtean bukatuko dela estimatuz. «Epeak ez dira inoiz laburrak hirigintzan, baina horrelako hitzarmenekin martxan jarri ezean, ez gara sekula inora iristen» adierazi zuen Etxebizitza sailburuordeak.
Alkatea eta Etxebizitza sailburuordea atzo, Ermuko udaletxean.
Etxebizitza dotazionalak lortzeko beharrezkoa da Etxebiden apuntatuta egotea eta, ostean, promozio konkretuan izena ematea (behin etxeak eraikita, deialdia zabaltzen denean). Esleitze prozesua egingo da gero eta zehaztutako profila betetzen duten eskatzaileen artean banatuko dira etxebizitzak.