Pintura Eskolako hirurogei erabiltzaile eta guraso inguru batu ziren atzo Lobiano Kulturgunean, Ermuko Udalak deituta. Egun gutxi lehenago jaso zuten deialdi hura emailez, non adierazten zen bilera garrantzitsua izango zela, pintura-tailerretan eragina izango zuten berehalako gorabeheren berri emango zelako.
Auditoriuma beteta, alkateordea eta Kultura zinegotzia den Beatriz Gámizek eta Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirol alorreko zuzendaria den Nagore Domínguezek jakinarazi zuten Pintura Eskolako jarduera bertan behera geratuko dela martxoaren 8tik aurrera.
Azaldu zutenez, Pintura Eskola kudeatzeko kontratua bukatu egin da eta irakasleak kontratu txiki batekin aritu dira lanean azken asteotan, zerbitzua kudeatzeko deitutako lehiaketa publikoaren emaitza jakin arte. Baina, epeak bukatuta, lehiaketa publiko hura esleitu gabe utzi da, lehiaketa berrira ez delako inor aurkeztu, “nahiz eta lehiaketaren baldintza ekonomikoak zehazteko EUDELeko markoa erabili den”, azpimarratu zuten Gámizek eta Domínguezek.
Udaleko arduradunek adierazi zuten interes handia dutela Eskolak aurrera jarraitzeko eta lanean ari direla lehenbailehen zerbitzua berriro martxan jarri ahal izateko.
Erabiltzaileak haserre
Bilera bukatutakoan, eskolako irakasleak diren Natalia Arrietak eta Rosa Basoak hitza hartu zuten. Haiek azaldu zutenez, ezin dituzte asumitu kontratu publikoan zehazten diren baldintzak (tartean ekonomikoak), eta salatu zuten azken urteotan Udaleko arduradunekin izan duten komunikazioa "urria eta oztopoz beteta" egon dela.
Erabiltzaileek eta gurasoek euren ezinegona eta haserrea adierazi zuten bileraren hasieratik bukaerara arte. Hala, konponbideak eskatu zizkieten Udaleko arduradunei eta babesa adierazi zieten langileei, azken 30 urteotan egin duten lana goraipatuz. Halaber, antolatuko direla eta adierazpen publikoak egingo dituztela adostu zuten.