Errepublikaren martxa Ermutik abiatu zen beste behin

Estibalitz González 2024ko api. 15a, 07:48

Atzo, apirilaren 14a, II Errepublikaren aldarrikapenaren oroimen eguna zen eta, 1931ko hura gogoan, Eibarren egingo zen manifestazioari Ermuan eman zitzaion hasiera, egun historiko hartan hainbat errepublikazale ermuarrek egin zutenaren gomutaz.

Ermuko plazan zuten hitzordua eta beraien martxa erreibindikatzaileari hantxe eman zioten hasiera, orain 93 urte bezalaxe. Hiru koloretako banderak astinduz eta musikaz lagunduz hartu zuten Eibarrerako bidea, orduko herriko errepublikazaleek apirilaren 13an egin zuten bezalaxe.

Erdigunera ailegatu ziren gaurko zein orduko, baina azken hauek etxerako bidea hartu behar izan zuten Alfontso XIII. Erregea oraindik Madrilen zegoela zabaldu zenean eta han ez zegoela zer ospatu erreparatu zutenean.

14an eibartarrek, bezperan ermuarrek

Eibartarrek goizeko seietan aldarrikatu zuten Errepublika, Estatu osoan inon baino arinago eta hiriburu handienen aurretik. Ermuarrek bezperan egindako saiakeraren aitortza eta gogorapenez, aspaldiko urteetatik Errepublikaren aldeko martxak Ermua du abiapuntutzat.

Asisko Urmenetak 1999an Gara egunkarian argitaratutako komikia, 1931ko martxa ilustratuz binetetako baten.