Azkenaldian Ermuko zuntz optiko munizipalaren egoera kolokan egon den arren —Udaletik azaldu dutenez, Vodafone eta Fibermuarekin operatzen duen Orange Euskaltelen saretik operatzen hasteko "arriskua" egon delako—, azkenean, akordio bat sinatu da eta Euskaltel-eko eta Masmovil-eko bezeroek Orange-etik operatuko dute. Oso positiboki baloratu dute Udaletik mugimendu hau, "Orange galdu ez eta beste bi konpainia geureganatzea lortu dugulako".
"Inoiz baino indartsuago" omen dago Fibermuaren proiektua eta, hortaz, Teknologia eta Berrikuntza alorrean aurrerapausua eman nahi duten udalerrien artean eredu bihurtu da Ermua.
50.000 biztanletik gorako hiriak, interesatuenak
Juan Carlos Abascal alkateak beste udalerri askorekin kontaktuan dagoela azaldu du. Horietako asko, 50.000 biztanletik gorakoak direla dio, hiri hauek, "Emisio Gutxiko Eremuak zehaztera behartuta daudelako orain"; horretarako "bideokamerak jarri behar dituzte eta, aurretik, berauek elikatuko dituen sarea".
Gauzak horrela, Udala prest dago Fibermuaren proiektuaren nondik norakoak konpartitzeko eta, aldi berean, besteek ezartzen dituzten teknologia berri horien inguruan bustitzeko. Alkateak "bereziki interesgarri" ikusten ditu bideozaintza-sistemaren eta askotariko datu-bilketa sentsoreen inplementazioa: "Airearen kalitatea neurtzeko gailu gehiago jarri ditzakegu, adibidez" eta bideokameren inguruan "kaleetako delituak argitzeko, baina baita errepideetako istripu asko argitzeko ere" balio dutela dio. Azken honi lotuta, argi utzi nahi izan du kamerak ezin direla "kalean hala nola jarri" eta ezin dituela "edonork" kontsultatu, legeak kontu hau "zorrotz" zaintzen duela.
Emisio Gutxiko Eremuak zaintzeko kamera berezia. Argazkia: J. Navarro
Berrikuntza horien finantzazioa
Sistema horiek guztiak jartzeko asmoa duten hiriek, kostua diru publikotik ordaindu beharko dutela kontatu du Abascalek. Ermuaren kasuan, ordea, zuntzaren azpiegitura eginda dago jada eta, etorkizunean, edozein gailu instalatzekotan, Fibermuarekin lortutako etekinetatik finantzatuko litzateke, "eta ez herritarren poltsikotik".