Manifestaziora batzeko deia: "Historian lehen aldiz genozidio bat ikusten ari gara zuzenean"

Drogetenitturri 2024ko urr. 2a, 13:15

Datorren ostiralean, urriaren 4an, manifestazioa egingo da "Israeli boikota eta zigorrak" eta "Libanon ere STOP sarraskia" lemapean, eta Ermua Palestinarekin ekimenak herritarrak gonbidatu ditu batzera. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Torrekua plazatik.

Urriaren 7tik urtebetera, Israelek eragindako suntsiketa erabatekoa dela salatu dute:

  • Gazako biztanleria osoaren % 91 beren etxebizitzetatik bota dute, eta gutxi dira zutik diharduten eraikinak.
  • Israelgo armadak 41.252 pertsona hil ditu bertan, horien artean 16.500 haur.
  • Horiei beste 10.000 lagun gehitu behar zaizkie, bonbardaketek eraitsitako eraikinen hondakinen azpian jarraitzen dutela kalkulatzen baita. Horietatik erdiak baino gehiago adingabeak izango lirateke.
  • Zisjordanian, Hamas ez dagoen lekuan, israeldarrek 705 palestinar hil dituzte, 158 haur barne.
  • Irailaren erdialdetik, Israel Libano bonbardatzen hasi da masiboki eta, dagoeneko 1.000 pertsona baino gehiago erail ondoren, herrialdearen inbasioari ekin dio.

Zifra ofizialez haratago

Uztailean The Lancet medikuntza-aldizkari britainiarrean argitaratutako ikerketa batek, ordea, Gazako Zerrendako heriotzen benetako kopurua askoz handiagoa izan zitekeela kalkulatu zuen: Israelen bonbardaketen albo-kalteen —osasun-sistemaren suntsiketa, biztanleria zibilaren pilaketa gutxieneko higiene-baldintzarik gabeko eremuetan, edateko uraren falta, elikagaien eskasia...— eraginez hildakoak gehituta, benetako kopurua 186.000 pertsonatan estimatu zuten (artikulua publikatu zenean, 2024ko uztailean).

Ermua Palestinarekin ekimenak adierazi duenez: "Historian lehen aldiz, mundua herri oso baten genozidioa ikusten ari da zuzenean, holokausto bat, nazioarteko komunitatearen konplizitatea izan ezean gertatuko ez litzatekeena". 

Gobernuen inakzioa salatu dute

"Israelek badaki nahi beste egin dezakeela, Estatu Batuen eta Europar Batasunaren erabateko eta baldintzarik gabeko babesa duelako". Espainiako Gobernuari keinu sinboliko soilak egitera mugatzea leporatu diote —hala nola, zibilen heriotza deitoratzea, Palestinako Estatua aitortzea— Israelgo gobernuaren aurkako presio-neurri zehatzik hartu barik. "Errusiari, berriz, Ukraina inbaditu eta 2 egunera ezarri zizkioten zigorrak".

Kaleetara ateratzen jarraitzeko deia

Ermua Palestinak ezinbesteko ikusten du kalera ateratzen jarraitzea, "gure agintariei holokaustoaren konplize izateari utz diezaioten eskatzeko". Bereziki, Espainiako gobernuari eskatu nahi diote "hitzetatik ekintzetara pasatzeko"; Israelekin harreman diplomatikoak, komertzialak eta militarrak hautsiz eta zigorrak aplikatuz, "NBEko kontalariak hilabete hauetan guztietan Palestinarako eskatzen duen bezala".