Kolonbiako krisi humanitarioari buruzko hitzaldia eskainiko dute gaur

Ander Gomez 2024ko urr. 8a, 12:17

KI Ermuak (Komite Internazionalistak) hitzaldia antolatu du Kolonbiak bizi duen egungo egoraren berri emateko eta salatzeko. Karina Renteria emakume afro-kolonbiarra izango da hizlaria, Kolonbiako Pazifikoko Giza Eskubideen Sareko ordezkaria.

Gaur, urriaren 8an, "Erresistentzia-borrokak Kolonbiako paramilitarismoaren eta krisi humanitarioaren aurrean" izeneko hitzaldia eskainiko da Eskilarapeko Ateneoan, 19:00etan.

2024ko udan, Komite Internazionalistak elkarteko kideak Kolonbiako hainbat eskualde bisitatu dituzte: Biziaren, Bakearen eta Lurraldeen Iraupenaren aldeko Karabana Humanitarioan izan dira, REDHER (Kolonbiako Senidetasun Sareak) antolatuta eta Kolonbiako 100 erakunde politiko, sozial eta sindikal baino gehiagoren zein nazioarteko elkartasun-erakunde ugariren babesarekin. Azaldu dutenez, "paramilitarismoa —multinazionalekin etengabeko lankidetzan— Chocó eta Kolonbiako beste eskualde batzuetako komunitateen bizi-proiektuak suntsitzen eta haien gizarte-liderrak hiltzen ari da".

Orain, Karina Renteria eta REDHEReko beste hainbat ordezkari gonbidatu dituzte Euskal Herria bisitatzera, paramilitarismoaren gorakadaren ondorioz Kolonbiak bizi duen krisi humanitarioari aurre egiteko egiten ari diren erresistentzia-borroken lehen eskuko testigantza emateko.