Alkate izendatu berri, Beatriz Gamizek azaldu du "eskerronez, arduraz, apaltasunez eta hitzekin nekez deskriba daitekeen emozioz" hartzen duela kargua.
Hasteko, aitortza egin die aurreko agintariei —bereziki bere lankide izandako azken biei, "une gogorretan ausardiaz aurrera egiteagatik"— eta baita anonimotasunetik lan egiten duten kultur, kirol, gizarte eta auzo elkarte guztiei, euren ahaleginekin "eraldaketa soziala azpitik gorantza egiten dela" argi uzten dutelako. "Udalerri honen arima" direla esan du eta "orain arte bezala eurekin lanean" jarraituko duela agindu du.
Berdintasuna agintaldiaren oinarri
"Argi eta garbi" utzi nahi izan du “etapa berri honetan berdintasuna funtsezko zutabe" izango dela: "Ezin dugu gizarte gisa aurrera egin norbait atzean geratzen bada". Enplegua bilatzerakoan, hezkuntzan, bizitza kultural zein sozialean… bizilagun guztien eskubideak "irmoki" defendatuko dituela esan du, "bere jatorria, adina edo kondizioa edozein dela ere".
Konpromisoa borroka feministarekin
Bere gobernua "borroka feministarekin erabat konprometituta dagoela" esan du, "batez ere indarkeria matxistaren inguruko negazionismoa areagotzen ari den honetan".
"Gure gizartean isilpean borrokatu duten emakume asko daude, haiei diotset: Ez zaudete bakarrik". Hitzok esatean hunkitu eta bertaratutakoen txaloen ostean jarraitu du: "Aukeraz beteriko etorkizun batekin amesten duen neskatila bakoitzarekin, ama langile bakoitzarekin, komunitate baten indarra inklusioan eta pertsona bakoitzaren balioan dagoela erakusten duen emakume bakoitzarekin... Nire konpromisoa zuekin da".
Adinekoen ongizatea eta gazteen etorkizuna herrian
Gazteei dagokienez, Gamizek ez du nahi 'kanpora joateko behar hori' sentitzea eta gazteentzako aukera berriak sortzean zentratuko dela esan du: "Etorkizuna dira eta gure ardura da beharrezko tresnak ematea bizitzeko, lan egiteko eta euren ametsak gauzatzeko lekua Ermuan bertan aurki dezaten". Bestalde, adineko pertsonak ez dituztela ahaztuko esan du, "gure komunitatearen alde hainbeste borrokatu dutenak", eta "merezi duten arreta, babesa eta errespetua" eskainiko dieten programak ezarri eta indartuko dituztela agindu du.
Hobekuntzak kale eta auzoetan
Bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko ahaleginean zerbitzu publikoak indartuko dituela dio, "kaleak seguruak eta garbiak direla ziurtatuz eta udalerriko txoko bakoitzari merezi duen arreta emanez; kaleen argiztapenetik hasi eta azpiegiturak hobetzeraino".
Parte-hartze aktiborako gonbita
Ermua hobetzeko proiektua "guztiona" dela esan du eta batzera gonbidatu ditu herritarrak: "Zuen parte-hartzea behar dut, zuen ideiak, zuen energia… Hori izango da modu bakarra nahi dugun etorkizuna eraikitzeko, aldaketarako ahalmena lankidetzan, elkartasunean eta gizartea hobetzeko helburu komunean dagoela uste baitut".
Eskerrak eta agurra
Bukatzeko, eskerrak eman dizkio familiari, senarrari eta alabei, lagunei, alderdikideei eta orokorrean ondoan izan dituen pertsona guztiei: "Zuek gabe ez nintzatekeen honaino iritsiko. Zuen babesa, maitasuna eta konfiantza funtsezkoak izan dira". Herritarrei eskainitako hitzak elebitan egin ditu: "...eta batez ere, eskerrik asko zuei, zuen botoa eta konfiantza eskaini diguzuen herritar guztioi. Zin egiten dizuet ahal dudan guztia egingo dudala egunero guztiok merezi dugun etorkizuna eraikitzeko. Aro berri bat hasten da gaur".