Urriaren 11ko osoko bilkuran, Ermuko alkate berria aukeratzeaz gain, EH Bilduko zinegotzi berriaren kargu hartzea gauzatu zen.
Beatriz Gámiz Mata, une horretan jarduneko alkate oraindik, legez ezarri bezala (apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan) zuzendu zitzaion: "Julen Rodriguez Barrenetxea, zin egiten duzu edo hitzematen duzu zure kontzientzia eta ohoreagatik Ermuko Udaleko zinegotzi karguaren betebeharrak zintzo eta Erregearekiko leialtasunez beteko dituzula eta konstituzioa, estatuaren funtsezko araua, gorde eta gordearaziko duzula?"; Julen Rodriguezek, zutik: "Legeak behartuta, bai" esanda onartu zuen; eta Gamizek ongietorria eman zion: "Eskerrik asko, Julen. Ongi etorri udalbatzara eta eskerrik asko zure konpromiso politikoagatik. Zurekin momentu asko partekatzea espero dut eta etapa berri honetan erabaki zuzen asko izatea opa dizut. Eskerrik asko".