Azaroaren 4tik 10era bitartean zabalik egongo da "Kulturatik Genozidioa STOP - Kultur Sortzaileak Palestinarekin" erakusketa, euskal artista ezberdinek egindako artelanekin. Otsailean Donostian antolatutako mobilizazio masiborako Euskal Herri osoko 23 ilustratzailek sormen lan bana prestatu zuten. Atzotik, 23 lan horiek Ermuan daude ikusgai. Gainera, erakusketa osatzeko, Gazako zerrendako eguneroko bizitzaren eta ondare historikoaren irudien argazkiak egongo dira, 2023ko suntsipena hasi aurretik hartutakoak.
Erakusketa Lobiano Kulturgunean bisitatu ahalko da 18:00etatik 20:00etara eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara.
Hitzaldia
Azaroaren 6an, asteazkena, Taher Ali abokatu palestinarrak "Palestina, un siglo de resistencia" hitzaldia emango du. Taher Ali Gazakoa da jatorriz, eta SAMIDOUN Palestinako Preso Politikoekiko Elkartasunerako Nazioarteko Sareko kide da.
Hitzaldia arratsaldeko 7etan hasiko da Lobianoko erakusketa aretoan.
Manifestazioa
Azaroaren 8rako, ostirala, manifestazioa deitu dute. Ermua Palestinarekin ekimenak gogorarazi duenez, "13 hilabete geroago, genozidioak gordintasun osoz jarraitzen du, nazioarteko komunitatearen konplizitateari esker". Hori dela eta, kalera ateratzen jarraitzeko deia egiten die herritarrei "gure gobernuak presionatzeko holokausto horren arduradunekiko harreman guztiak eten ditzaten eta Israeli behingoz boikota eta zigorrak ezar diezazkioten".
Martxa 19:00etan abiatuko da Plazatik.