2025eko Aurrekontuak: ia 26 milioi euro eta "pertsonak eta berdintasuna ardatz"

Ander Gomez 2024ko aza. 19a, 13:34

Gobernu taldeko kideak atzoko aurkezpenean. Argazkia: Udala.

Ermuko Udalak 25.794.703,91 euroko aurrekontua izango du 2025erako eta gizarte-ongizatea, jasangarritasuna, enplegua eta berdintasuna izango ditu oinarri. Udaletik nabarmendu dutenez, "Udal aurrekontuak genero-ikuspegiarekin egin diren lehen aldia da hau".

Atzo, astelehena, Beatriz Gamiz Mata alkateak egin zuen 2025eko Udal Aurrekontuen txostenaren aurkezpena. "Zenbakiak baino askoz gehiago" direla azaldu zuen: "Gure bizilagunekiko konpromisoa dira, udalerri inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko egin dugun ahaleginaren isla". Segidan aurrekontuaren puntu estrategikoak eta bakoitzean proposatutako igoerak eta aldaketak (behin behinekoak gainontzeko talde politikoen ekarpenak jaso eta landu arte):

1. Berdintasuna

Emakumeak ahalduntzeko programak, berdintasunari lotutako hezkuntza-tailerrak eta genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzuak indartzea.

2. Gizarte zerbitzuak

Larrialdi ekonomikoko egoeretan dauden pertsona edo familientzako zuzeneko laguntzak %10ean areagotzea.

3. Enplegua eta prestakuntza

Enplegu- eta prestakuntza-programetarako partidak "mantentzen eta indartzen" jarraitzea, gazteengan eta 45 urtetik gorakoengan "arreta berezia" jarriz. Horrez gain, trebakuntza tailerrak eta prestakuntza espezifikoak sustatu nahi dituzte "tokiko ehun ekonomikoa indartzen laguntzeko".

4. Ingurumena

Berdeguneak, parkeak eta lorategiak hobetzeko partidak %10ean handitzea, eta argiztapen publikoko sistemak optimizatzeko ekimenak martxan jartzea "udalerri garbi, osasuntsu eta iraunkor batean bizitzeko".

5. Mugikortasuna eta irisgarritasuna

%56ko igoera oinezko eta bizikletentzako ibilbide berriak sortzeko eta azpiegiturak hobetzeko, espaloiak zabaldu eta pasabide irisgarriak sortze aldera. Horrez gain, arrapala mekanikoak, igogailuak eta bide publikoak garbitzeko eta mantentzeko fondoak %10ean handitu nahi dituzte.

6. Kultura eta kirola

Kulturaren sustapenerako eta tokiko kolektiboentzako laguntzak %7,9an igotzea. Kirolari dagokionez, aurrekontua %7an handitzea aurreikusi dute.

7. Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea

Komunikazio eta entzute aktiboko kanal berriak irekitzea, eta herritarren parte-hartzea sustatzen jarraitzea, "garrantzitsua baita herritar bakoitza komunitatearen parte aktibo eta funtsezko sentitzea".