Gabonetako argiak piztuko dituzte bihar

Ander Gomez 2024ko abe. 4a, 07:00

Plazako 8 metroko arbola. Argazkia: Ander Gomez.

Ostegun honetatik aurrera eta Errege eguna pasa arte, Ermuko bazter guztiak argiz eta kolorez beteko dira gauez. Haurren Kontseiluko kideak izango dira argiak piztearen arduradun eta ekitaldian txokolate-jana ere egongo da, EMOEren eskutik.

Ermuko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak gabonetako denboraldiaren irekiera egingo du bihar, 17:30ean. Horretarako, jaitxoa prestatu dute plazan: txokolatea banatuko da herritarren artean eta DJ animazioa ere egongo da, argiak piztu aurretiko uneak girotzen. Behin ilunduta, 18:00ak pasatxo, Haurren Kontseiluak hartuko du lekukoa eta herri osoan zehar jarri diren 300 argitik gora piztuko dituzte.

Zonalde berriak argituko dira

Aurten gainera, sekula apaindu gabeko txokoetan jarri dituzte argiak, hala nola: Areitioko jaitsieran, Bizkaia Etorbidean, Errotabarri parkean, Izelaietako oinezkoentzako pasealekuan eta Abeletxeko egoitzaren inguruan.

Estimatutako kostua

Argiok bihardanik urtarrilaren 7ra arte egongo dira piztuta gauero. Udaletik azaldu dutenez, "guztiak kontsumo baxuko LED argiak" dira eta bost asteotako argindarraren gastua "ehunka euro batzukoa" izango da guztira. Instalazioari dagokionez, Argilinex enpresa mungiarrari esleitu zaio eta 62.498,92 euroko kostua izan du. Kontratu hau 3 urtez luzatu ahalko da gehienez eta, hitzarmenaren arabera, urte bakoitzean jarritako elementuen %20a (gutxienez) berria izan beharko da.