Atzotik dago martxan eta publikora zabalik Zubiaurre eta Zerukoa 1 kaleak lotzen dituen igogailua. Inagurazioan Udaleko ordezkariak egon ziren —hala nola, Beatriz Gámiz alkatea eta Rosa María Cid (PSE-EE), Arritokieta Araiztegi (EAJ-PNV) eta Paul Yarza (EH Bildu) zinegotziak— eta, gerturatu ziren hainbat bizilagunekin batera, Zerukoarako estreinako igoera egin zuten.
Udaleko ordezkariak eta bizilagunak igogailua estreinatu berritan. Argazkiak: Udala.
Igogailua bertako bizilagunekin egindako partaidetza-prozesu baten emaitza dela diote Udaletik. 257.488,52 euroko (BEZa barne) kostua izan du, eta jasangarritasun eta energia eraginkortasun irizpideekin diseinatuta dagoela azaldu dute. Egun osoan irekita eta funtzionamendua egongo da, beraz, "arduraz" erabiltzeko eskatu diete herritarrei, "dakartzan onura eta erraztasunak ikusita, luzaroan erabili ahal izan dezagun".