Merkatu Plazaren erabilera zehazteko partaidetza prozesua hastear

Drogetenitturri 2025ko urt. 13a, 06:20

Hiru saio aurreikusita daude urtarrila eta otsaila bitartean Merkatu plazaren etorkizuna erabakitzeko. Lehenengo biak herriko talde eragileekin egingo dira eta hirugarrena herritarrei irekita egongo da. Argazkiak: Udala.

Ermuko Udalak Merkatu plazaren inguruko prozesu parte-hartzailea jarriko du martxan, urteetan herriarentzako esanguratsu izan den espazioa "gaur egungo komunitatearen behar eta ilusioei erantzungo dien erabilera berri bat proiektatzeko". Zeregin horretan "funtsezkoa" ikusten dute herriko talde eragile eta norbanakoen inplikazioa, berauen "esperientzia eta ezagutza" ekarpen baliotsua izango delakoan. 

Lehenengo saioa ostegun honetan izango da (urtarrilaren 16an, Merkatu Plazan bertan) eta herriko kolektiboei espresuki zuzendutako bilera izango da. Bertan, prozesuaren helburuak, jarraituko den metodologia eta kolektibo bakoitzak fase desberdinetan nola parte har dezakeen azalduko dute Udaleko ordezkariek; eta kolektiboek ekimenaren inguruan dituzuen lehen inpresioak eta iradokizunak partekatu ahalko dituzte. Bigarren saioa urtarrilaren 23an izango da eta aurrekoan hasitako dinamikak jarraituko dira, talde berberekin. Hirugarren saioa otsailean izango da eta, hau bai, irekia izango da: edozein herritarrek aukera izango du bere ekarpena egiteko eta ideiak partekatzeko. Saio publiko hau otsailaren 13an (osteguna) egingo da, 19:00etan, Merkatu Plazan bertan.