Alkateak eskatuta dimititu zuen Kultura zinegotziak, "bikotekideari fisikoki erasotzeagatik ikertzen ari zirela jakin bezain pronto"

Ander Gomez 2025ko mai. 8a, 14:30

Kargu uztea gauzatu zeneko osoko bilkura. Irudia: Ermuko Udala.

Urtarrilean hartu zuen kargua P.G. zinegotziak eta martxo bukaeran aurkeztu zuen dimisioa, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta. Apirilaren 29ko osoko bilkuran gauzatu zen kargu uztea, Udal Gobernuaren aparteko adierazpenik gabe.

Gaur goizean, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak militantziatik kanporatuko dutela komunikatu ostean, Ermuko alkate Beatriz Gamizek adierazpenak eman ditu Cadena SER-en, leporatzen zaizkion delituak jakin bezain pronto dimititzeko eskatu ziola azalduz eta orain arteko adierazpen ezaren arrazoiak emanez.

Gertaeren berri izan zuen lehen momentutik "irmotasun eta erantzukizun osoz" jokatu zuela adierazi du Beatriz Gámiz alkateak Cadena SER Euskadin emandako adierazpenetan. Azaldu duenez, lehenik eta behin Udalak ofizioz helarazi zion informazioa agintaritza judizialari. Ordu eta erdi eskasera, "larrialdiko bilera" egin zuen gertakarian inplikatutako zinegotziarekin eta dimisioa aurkezteko exijitu zion. Honek dimisioa aurkeztu zuen Udal Erregistroan eta alkateak bere ordezkaritza guztiak baliogabetzen zituen dekretua "berehala" sinatu zuela azaldu du.

Halaber, orain arte adierazpenik eman ez izanaren zergatiak eman ditu: "Halako egoeretan, Udalak zuhurtzia handienarekin jokatu behar du eta adierazpenik ez egitea erabaki ohi da ustezko biktimaren babesa eta errespetua bermatzeko". Erasorik egon den ala ez baieztatzea eta bere larritasuna baloratzea "justiziari bakarrik" dagokiola gaineratu du eta garbi utzi nahi izan du "bere eskura zegoen neurri zorrotzena" hartu duela: "Udal honek ordezkatzen dituen balioen kontrako jokabide desegokiak dituen kargu publikoari berehalako dimisioa eskatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.