Trafiko astuna murrizteko mozio bateratua aurkeztu dute

Ander Gomez 2025ko ira. 24a, 07:02

Udal Korporazioa osatzen duten bost udal-taldeek herriguneko trafiko astuna murrizteko proposamenak aurkeztu zituzten atzo, eta datorren astearteko bilkuran eztabaidatuko dituzte. Aldi baterako neurriak izango lirateke, mendebaldeko sahiesbidea martxan jarri bitartean.

Mendebaldeko saihesbidearen proiektua geldi dagoen honetan, ibilgailu astunak herritik igarotzen dira oraindik, eta kaleetan sortzen dituzten zarata eta dardarek "bizilagunen atsedenaldian eragin kaltegarria" dutela adierazi dute Udaletik, "bereziki gauez". Foru Aldundia trafikoa erabat mugatzearen kontra agertu da, baina Ermuko Udalak herritarren osasuna eta ongizatea lehenesteko beharra ikusten du. Horregatik, Ermuko Saihesbidea - VARIANTE YA plataformarekin eta bizilagunen eskaerekin bat eginez, neurri eraginkorrak hartzea erabaki dute. Atzo, irailaren 23an, PSE-EE-PSOE, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP udal-taldeek mozio bateratua aurkeztu zuten Udal Erregistroan.

Hiru neurri proposatu dituzte

Hasteko, Urtia edo Goitondo industrialdeetara ez doazen 3.500 kg-tik gorako ibilgailuak —zerbitzu publikoetakoak izan ezik— debekatzea proposatu dute. Horrez gain, industrialdeetara doazenei ere mugak ezartzea eztabaidatuko dute: Urtiari dagokionez, murrizketa osoa proposatu da (24 orduak), eta Goitondoren kasuan, trafikoa gaueko ordutegian bakarrik mugatzea (22:00etatik 08:00etara). Neurri hauek saihesbidea eraiki arte mantenduko lirateke indarrean, eta berauekin "herriguneko bide-segurtasuna bermatzea" eta "ermuarren osasunean, atsedenean eta bizi-kalitatean positiboki eragitea" lortu nahi dute.

Irailaren 30eko bilkuran eztabaidatuko da mozioa, eta onartuz gero, erabakiaren berri emango zaie Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Garraio Sailei, Bizkaiko Batzar Nagusiei eta neurrien eragina jasan dezaketen inguruko udalei. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.