Irakurleak zer topatuko du Txillarreko sukaldaria lan bikoitz honetan?
Edurne San Martin: Gure helburua izan da Txillarren gertatu zen guztiaren fokua Pellori jartzea, inondik inora ez zen gure asmoa hausnarketa politiko bat egitea eta ez dugu egin. Guk nahi genuen Pello ezagutzera eman, bitartekari izan eta bere baserriko sukaldea eskaini zuen pertsona horren bizipenak jasotzea.
Asier Ibaibarriaga: Bai, elkarrizketa planteatu genionean bide horretatik joan ginen: bere ibilbide pertsonalean zentratu, nondik datorren, zer ekarri dion bizitzak, ze harreman izan duen Elgoibarrekin… Liburua elkarrizketaren transkripzioa da.
Zer gertatu zen Txillarreko sukaldean?
E.S.: Bertan kozinatu zen Euskal Herrian gaur egun bizi dugun egoera. Gauza da Pellok hartu zuela hor demaseko konpromiso pertsonala bere etxeko ateak zabaldu zizkienean alderdi sozialistako eta ezker abertzaleko hainbat kideri. Momenturik gogorrenean geunden: denok gaizki, torturak, atxiloketak, heriotzak, sarekadak, zergak… Pellok ate bat zabaldu zuen elkarrizketara eta horrek hona ekarri gaitu, ez da gutxi! ETAren su-etena, dispertsioaren amaiera… Pellori esker horren guztiaren lehen pausua eman zen; hori da guk egin dugun hausnarketa.
A.I.: Beti aipatzen da gauzetan "sukalde lana" egin behar dela eta kasu honetan Pellok kozinatzeaz gain, taxista, errekadista eta telefonista ardurak hartu zituen. Bi mundu desberdin batu zituen bere eskatzean: Paco Egea sozialista ezagutzen zuen alde batetik eta bestetik Arnaldo Otegi. “Batu zaitezte nire etxean, hasi hitz egiten eta ea hortik zer ateratzen den”. Mahai horretara jende gehiago joango zen batzen: Jesus Egiguren, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Olatz Dañobeitia, Rodolfo Ares, Joseba Permach, Urko Aiartza… Etorritakoak dira ere Patxi López eta Rodríguez Zapatero. Goi-mailako politikako dimentsioa hartu zuten hizketaldi haiek. Une gogorra zen arren, erabaki zuten kanpoan gertatzen zena gertatuta aurrera egingo zutela elkarrizketokin. 1999tik 2005era, bakea adostu zen arte egon ziren batzen eta denbora tarte horretan hainbat mugarri historiko egon ziren. Oslon eta Ginebran adostu ziren bake hitzarmenak sukalde horretan hitz egindakoan oinarritu ziren.
E.S.: Lan bat egin behar da atzetik, ezkutuko lana, erabat esker txarrekoa, eztabaida publikoetan sartu ezkero inora ez daramana. Askotan “Baina ezin dugu egin ezer!” esaten dugu eta honek argi erakutsi du gauzak egin ditzakegula eta gure txikitik eragin dezakegula.
A. I.: Prozesu luzea izan zen eta tartean gauza asko gertatu ziren, baina ederra da ikustea berriro batzen zirela, hartutako konpromisoari eutsiz. Klandestinitatean eta diskrezioz mugitzen ziren: Jesusek bizkartzainak zituen eta komeriak egin behar izan zituzten haien isilean elkartzeko; Arnaldorentzako mezuak, ostera, fruta eta ortuari artean ezkutatzen zituen eta furgonetan eraman etxeraino, soilik generoa entregatzen zion itxurak eginez. Klandestinitatea zaintzen zuten bilerak publiko egingo balira balioa galduko zutelako.
Zelan heldu zenioten proiektu bikoitz honi?
E.S.: Orain urtebete Arrate egun bezperan herri bazkaria egon zen Arrateko zelaian eta Pelloren ondoan bazkaltzea egokitu zitzaidan. Ez nuen ezagutzen, banekien arren nor zen eta bazkalostean hasi zen anekdota bat kontatzen, aipatuz egun horretan urteak zirela euren baserrian Rodríguez Zapatero egon zela bazkaltzen, zelan etorri zen bizkartzainekin eta abar… Gogorapen ugari zituela ikusita, esan nion horiek kontatu beharra zegoela, bestela galdu egingo zirela. Bera ez zihoala egitera erantzun zidan, baina norbaitek nahi bazuen… Egun horretan, iluntzean, Asierrekin elkartu nintzen, eta aipatu nion Pellok bota zidana. Gustura helduko niola holako liburu proiektu bati, baina ez nuela bakarrik egin nahi… “Eingo dogu bixok?”, esan zidan, eta hemen gaude. Nire proiektua liburua zen eta Asierrek oso garbi zeukan ikus-entzunezko bat behar zuela honek, eta hor daude biak.
Beraz liburua eta dokumentala…
E.S.: Bai eta bateragarriak dira, elkar janzten eta elikatzen dute. Dokumentalean asko esaten da, bera ikustea oso aberasgarria delako; liburuan xeheagoa jasotzen da. Pozik gaude emaitzarekin; ea orain ze harrera daukan.
A.I.: Gure asmoa zen bizpahiru egunetan egitea grabaketa eta pentsatu genuen badaezpada kamera profesionalak eramatea. Haritz Arrizabalaga arduratu zen grabatzeaz eta geroko edizio lanez ere. Orduan konturatu ginen Pellok kristoren indarra zuela: barrutik hitz egiten du, hustu egiten da eta den bezala agertzen da kameraren aurrean.
Zer izan da gauzarik zailena?
E.S.: Ni liburuaz arduratu naiz eta oso erreza egin zait: bera komunikatzaile ona da, jario handikoa, ordenatua gauzak azaltzerakoan, eta kontakizunari pasioa ematen dio. Kontatzen duen eran, ia-ia hitzik aldatu gabe doa liburuan.
A.I.: Aurrez gidoitxo bat pasatu genion eta elkarrizketa egitera joan ginenean paper mordoa idatzita zituen arren, buruz eta kronologikoki kontatu zizkigun, guk galderak egiteko ia premia barik. Itzelezko lanketa egina zuen! Dokumentalean zailena izan da, ostera, hiru orduko grabaketa ordu bakarrera ekartzea. Bestalde, gure kezka nagusienetakoa izan da gaurko gazteei orain hogei urte gertatutako gauzak ze erreferentziekin eman, zelan lagundu testuinguruan jartzen, argazki batzuk sartu ditugu, eta azalpen txiki batzuk gehitu dizkiogu testuari.
Dokumentala liburuaren aurkezpenen osagarri izango da soilik ala bakarkako ibilbidea egingo du?
A.I.: Leku desberdinetara gonbidatu gaituzte: Bilboko Zinebira, Lekeitioko Zine Astera, Errenteriako Giza Eskubideen Zinemaldira… Asmoa dugu Gijónera bidaltzeko, Bartzelonako Giza Eskubideen beste batera… Txirri-txirri, herriz herri mugitzea nahi dugu. Proiektatzen den saio bakoitzean, liburuak eramango ditugu jendeak eros ditzan. 1.000 ale argitaratu dira eta dokumentalean sartzerik izan ez ditugun gauza politak daude jasota bertan. Urriaren 7an izango da liburuaren aurkezpena Donostiako Elkar liburu-dendan, 10ean Elgoibarren dokumentalarena, 14an Eibarren, 22an Ermuan... Aurkezpenetan liburua salgai egongo da argitaletxeak jarritako 13,50 eurotan eta herriko liburu-dendetan eskuratu ahal izango da ere.
E.S.: Gure asmoa da Euskal Herrian zabaltzea eta gutxi gehiago. Zoragarria izango zen proiekzio handiagoa izango balu eta beste bake prozesuren baten zerbait ekarri balezake isileko lan haren kontakizun honek.
Irakurtzen edo ikusten duenak, ze mezurekin nahi duzue geratzea?
A.I.: Denok dugula barruko indar bat ezagutzen ez duguna eta ateratzen dugunean pertsonon gaitasuna azaleratzen dela.
E.S.: Niretzat azpimarra da hasieran esan dudana: txikitik zenbat eragin daiteken!