Lau peoi eta bederatzi ofizial kontratatuko ditu udalak

Ander Gomez 2025ko urr. 22a, 07:15

Ermuak lanaldi osoko sei hilabeteko kontratua eskainiko die udalerriko 13 langabeei, Lanbidek eta udalak finantzatuta. Azaroan hasiko dira kontratazioak eta 2026ko maiatzera arte iraungo dute.

"2025eko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzak" programaren baitan, bederatzi ofizial kontratatuko ditu Ermuko Udalak: elektrikari, igeltsero, soldatzaile eta lorezain bana, hiru margolari eta bi gidari. Horrez gain, beste 4 peoi hartuko ditu: igeltsero bat, lorezain bat eta bi margolari. Postu hauetara aurkeztu ahal izango dira langabezian daudenak, Lanbiden izena eman dutenak eta Ermuan erroldatuta daudenak. Hautaketa prozesuan berdintasun irizpideak aplikatuko direla jakinarazi dute, eta 2024ko deialdian kontratatuak izan ziren pertsonak aurtengotik kanpo geratuko direla zuzenean. Lanpostuen eskaintza eta aurre-hautaketa Lanbideren esku egongo da.

Finantzaketari dagokionez, 200.000 euroko kostua suposatuko du. Ermuko Udalak 50.000 euro jarriko ditu eta Lanbidek gainontzeko 150.000 euroak hartuko ditu bere gain. Udaletik azaldu dutenez, kontratazio hauekin "Ermuko langabeen artean enplegagarritasuna handitzea" bilatzen dute, eta “berauen kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartuko dituen aldi baterako lan-esperientzia” eskaini nahi diete.


Urte hasieran kontratatuko langileei ongi etorria ematen. Argazkia: Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.