Ermuko Udalak eraikinen fatxadetan dauden pintadak ezabatzeko sei hilabeteko programa berezia jarriko du martxan. Garbitzeko eskaera edozein herritarrek egin dezake. Partikularrek jabetza egiaztatzen duen dokumentuarekin egin ahal izango dute; komunitateen kasuan, jabeen erabakiaren kopia aurkeztu beharko dute; eta maizterrei dagokienez, jabeen baimena eskatuko zaie. Eskaerak zabalik daude jada eta apirilaren 30era arte egin ahalko dira, internet bidez (udalaren egoitza elektronikoan) edo Abiapuntu bulegora gerturatuta (Komentukua kalea, 3). Kasu guztietan, pintaden argazki bat aurkeztu beharko da. Jasotako ordenean tramitatuko dira eskaerak eta, onartuz gero, abendu inguruan ekingo diote lanei Udal Brigadako langileek.
Bide publikoan eta egoera onean dauden eraikinak soilik
Zehaztu dutenez, esku-hartzeak bide publikora ematen duten eraikinetan egingo dira bakarrik. Fatxaden egoera banan-banan aztertuko dela azaldu dute eta, gainazal delikatua izanez gero edota garbiketa-lanek kalteak eragin ditzaketela uste bada, ez da garbiketarik egingo.
Udaleko Hirigintza Sailetik azaldu dutenez, "ingurunearen estetika hobetzea eta ondarea zaintzea" da programa honen helburua.