Tasak eta zergak %2 igoko dira Ermuan

Ander Gomez 2025eko azaroaren 4a

Udalbatzaren bozketa, pasa den egueneko osoko bilkuran. Irudia: Ermuko Udala.

Udalbatzak behin-behinean onartu du 2026ko ordenantza fiskalen aldaketa, gobernu-taldeko kideen (PSE-EE eta EAJren) aldeko bederatzi botoekin eta gainontzeko udal-taldeen (EH Bildu, Elkarrekin Ermua eta PPren) kontrako zortzi botoekin.

Ordenantza fiskalen aldaketa onartzeko osoko bilkuran, “%2ko eguneratze moderatua” defendatu zuen alkateak, "IPCaren aurreikuspena %2,7an kokatzen den honetan"; eta igoera "familiei, nagusiei, autonomoei eta gazteei gainkargarik ez suposatzeko pentsatua" dela azaldu zuen. Udal gobernuak aurkeztutako aldaketetan, hobariak proposatu ziren ibilgailuen gaineko zergan familia ugari eta gurasobakarrentzat; kultur zerbitzuetan, udalekuetan eta gazte jardueretan, familiek gutxiago ordaindu dezaten; ibilgailu elektrikoen eta energia-sistema garbien alde egiten dutenentzat; eta %90eko hobaria irisgarritasuna hobetzeko obretan, "igogailuen instalazioetan bereziki". Alkatearen esanetan, tasak eta zergak “ez dira zama bat; azpiegiturak, kale garbiak, gizarte zerbitzuak, kultura, kirola eta berdintasuna bermatzeko bidea baizik”.

PP eta EH Bilduren zuzenketak 

PPk hartu zuen hitza lehenengo, eta “familia ermuarren batez besteko errenta urtean 16.000 eurokoa" dela gogoratuz, proposatutako igoera horretan "hilabete bukaerara iristeko falta zaien dirua joan litekeela" ohartarazi zuten. Udal-taldeak zergak izozteko, murrizketa selektiboak ezartzeko eta laguntza gehiago emateko proposamena egin zuen: Mankomunitatearen zabor-biltze tasa udaleko kutxatik ordaintzea eskatu zuten; %10eko beherapena proposatu zuten kiroldegiko harpidetzan, %95koa etxebizitza isolatzeko edo igogailua jartzeko obretan, eta %25koa gutxieneko pentsioa dutenentzat; eta komertzio eta terrazadun tabernentzat laguntza gehiago eskatu zituzten.

EH Bilduk ere, garbi utzi zuen ez zuela %2ko igoerarekin bat egiten, "ez dugu uste udalaren eta bere politika sozialen iraunkortasuna bermatzeko bide bakarra denik". Aurkeztu zituzten proposamenen artean daude: IBIaren zerga-tasa %0,31ra jaistea 110.000 eurotik beherako balio katastrala duten etxebizitza eta saltokientzat; %50eko hobaria interes kulturaleko produktuak sustatzen dituzten postu, azoka eta barrakentzat, “gure artean 70 urte daramatzan gaztaina postua kasu”; eta zabor-tasaren hobaria aztertzea egoera ekonomiko zailak dituzten bizikidetza-unitateentzat eta komertzioentzat, sortutako hondakinen araberakoa izan dadin. Ados agertu ziren igogailuak jartzeko udal gobernuak aurkeztutako proposamenarekin, eta irizpide bera aplikatzea proposatu zuten lurzoru publikoaren okupazio-tasari dagokionez.

Elkarrekin Ermuaren proposamena

Elkarrekin Ermua izan da zuzenketarik aurkeztu ez duen udal-talde bakarra, horretarako “denbora nahikoa eta laguntza tekniko egokiarekin egindako simulazioak” beharrezko direla uste dutelako. Zerga-erreforma integrala egiteko proposamena mahaigaineratu zuten, komisio politiko-tekniko bat sortuz “zergak banan-banan aztertzeko eta progresibitatea handitzeko foru-araua nola baliatu daitekeen ikusteko". Diotenez, “garrantzitsua da diru-bilketa mantentzea eta, posible bada, areagotzea ere, baina beti herritarren ahalegin fiskala kontuan hartuta”.

EAJren erantzuna

Udal gobernu-taldeko kide gisa, proposatutako igoera "inguruko herri gehienetakoak baino txikiagoa" dela defendatu zuen EAJk, alkatea zein alderditakoa den alde batera utzita: "Finantzaketa beharra guztiei eragiten dien zerbait da, alderdiaren kolorea berdea, gorria edo urdina izan". PPren proposamenei dagokienez, "betikoak" direla esan zuten, eta zergen izozteak ekarriko lituzkeen gastuak udaleko kutxako soberakinetatik ordaintzea ezinezkoa dela: "legeak debekatzen du, ezin da egin ez hemen, ez beste inon". EH Bilduren zuzenketei erantzunez, Ermuko zerga-tasa hain altua izateak balio katastralak oso baxuak direla adierazten duela azaldu zuen, "beste herri batzuetan diru gehiago biltzen da, baina etxebizitzen prezioa askoz handiagoa delako".

Aldaketak onartuta behin-behinean

Egueneko osokoan onartu zen 2026ko ordenantza fiskalen aldaketa. Alde bozkatu zuten PSE-EE/PSOE (6 boto) eta EAJ/PNV (3 boto) gobernu-taldeko kideek; eta kontran EH Bilduk (4 boto), Elkarrekin Ermuak (2 boto) eta PPk (2 boto). Orain, erraklamazioak, alegazioak eta iradokizunak aurkezteko 30 eguneko tartea zabaldu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.