Zaintzak bizitzarako duen garrantziari buruzko diskurtsoa ordu oro entzuten dugu. Erakundeek ere leloa bereganatu nahi dute, edukiz husteko, baina Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak urteak daramatza lanean egungo sistema kapitalista, matxista, arrazista eta merkantilista errotik aldatzeko, emakumeen diskriminazioa betikotzen baitu, langileak esplotatzen dituen negozio arrazista hutsa delako eta, denon ongizateaz eta bizitzaz kezkatu beharrean, pertsona asko kanpoan uzten dituelako.
Horregatik, azaroaren 30ean greba feminista orokorra egingo dugu. Premiazkoa da gure planetarako eta gure bizitzetarako ezinbestekoak diren zainketez hausnarketa egitea, baita sindikatuek, merkatariek, eragileek... jendarte osoak, zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde jardutea ere, eraso sexistarik gabekoa.
Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren aurrean, Ermuko Plataforma Feministatik arreta berezia jartzen dugu zainketa- sistema horren alderik latzena islatzeko. Bere barnean emakume zaurgarrien aurkako indarkeria espezifiko eta ikusezina egotea ahalbidetzen du: beren etxeetan edo egoitzatan dauden emakume ezinduak eta nagusiak, emakume zaintzaileak, bereziki, Atzerritartasun Legeak harrapatuta dauden langile migranteak, espetxeetan edo zentro ezberdinetan dauden emakumeak, eta abar luze bat.
Ez izan zalantzarik, ez jarri aitzakiarik eta egin greba edo borroka, zuk ahal duzun moduan, denok batera. Bizitzan zehar askotan zaintzen gaituzte eta zaintzen dugu, denok. Ez da izan behar maitasunagatik egiten den zerbait, ezta batzuen sakrifizioa ere ez. Ez da "emakumeen kontua", ezta familiaren betebeharra ere ez. Horrek eskubide kolektiboa izan behar du; denona, denontzat, kalitatezko zaintza.
Denak ez du balio. Beraz, serio har dezagun gaia.