Palestinako herriaren genozidioaren aurkako manifestazioa

Ermua Palestinarekin Ekimenak manifestazio berri bat deitu du ostiral honetarako, martxoak 22, Gazan Israelgo armada egiten ari den herri palestinarraren genozidioa salatzeko. Manifestazioa 18:30etan hasiko da Ermuko Plazatik.

Bideoan, Kulturatik Genozidioa STOP manifestazioan egindako perfomance masiboa, Donostiko Haize Orrazian. Iturria: @kulturatik.

Manifestazio hau Arrazakeriaren Aurkako Munduko Egunaren biharamunean izango da. Hori dela eta, antolatzaileek Palestinan ezarritako apartheid erregimena salatu nahi izan dute, britainiar kolonialismoak, Europaren eta Estatu Batuen babesarekin, duela 75 urte Israelgo Estatua sortu zuenetik. Orduz geroztik, bertako palestinarrak sistematikoki kanporatu dituzte beren etxeetatik eta herrietatik, eta bigarren mailako hiritarrak bihurtu dira bere sorlekuan, Europatik eta Amerikatik etorritako juduen menpean. Eskubide guztiak galdu dituzte, pertsona gisa ere ez hartzeraino. Horrek azaltzen eta justifikatzen du Gazako zerrendan duela 5 hilabetetik ikusten ari garen genozidioa.

Era berean, Palestinarekin Ermuko Ekimenak salatu nahi du nazioarteko komunitateak apartheid erregimen eta genozidio honekin duen konplizitateak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa ukatzen diela palestinarrei, Israelgo estatuak bere burua defendatzeko duen eskubidea aldarrikatzen duen bitartean.