200-400 ibilgailu astun gutxiago Sallabente eta Kaltxango artean

Saihesbidearen aldeko plataforma zoriondu egin da, Sallabente eta Kaltxango arteko trafiko astuna murrizteko proposamena onartu delako. Hiritar plataformaren proposamena onartu da, Sallabente eta Kaltxangoko biribilguneen artean 3.500 kg-tik gorako ibilgailurik pasa ez daitezen, egunero 200 eta 400 ibilgailu astun artean kenduz errepide horretatik.

Asteartean, 2024ko martxoaren 26an, Ermuko Udalbatzak aho batez onartu zuen 'Ermuko Saihesbidea - Variante Ya' hiritar plataformaren eskakizunetako bat: Sallabente eta Kaltxango artean 3.500 kg-tik gorako ibilgailuak debekatu. Ermuko Udalak duela sei urte onartu ahal izan zituen trafiko murrizketa hauek, izan ere, saihesbidearen hegoaldeko tartea 2018an bukatuta, Foru Aldundiak haren gaineko eskumena eman zion. Hala ere, hiritar plataforma izan da proposamen hau aurrera eraman duena, Udal Gobernuaren inakzioaren aurrean.

Hiritar ekimenarentzat, honek erakusten du planteatutako proposamenak «bideragarriak direla eta herritarren egunerokotasuna hobetu nahi dutela, betiere saihesbidearen amaiera aldarrikatzeari utzi gabe». Udalak berak eskatutako azterketa teknikoaren arabera, plataformaren proposamen honi esker, errepide-tarte horretan egunero «200 edo 400» ibilgailu astun kenduko dira, eta horrela, udalerriaren zati baten segurtasuna eta atsedena hobetuko dira.

Hala ere, plataformak saihesbidearen obrak azkartzea aldarrikatzen jarraitzen du, eta onartutako trafiko murrizketak foru eskumeneko errepideetara hedatu daitezela: Zearkale, VI. Mendeurrena eta Zubiaurre. Plataformak gardentasun handiagoa eskatu du prozesuan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Ermuko Udalaren arteko elkarrizketa sustatzea, azken honek Ermuko herritarren interesei lehentasuna eman behar baitie.