Umemokoa: gazte harroputza eta heldutasunik gabekoa. Hitz hau makina bat bider erabili da sare sozialetan azken hilabetean, euren eskubideen alde eta euren lankideekiko tratu-berdintasunaren alde borrokan ari diren kirolariei buruz hitz egiteko.
Baina zer dago hitz horren atzean? Ikuspuntu paternalistaren isla da, eta gehiago esaten du hitz hori erabiltzen ari denaz, hartzaileaz baino. Hau da, komunikazio-estilo autoritarioa da eta erabiltzen duenak uste du boterea duela gazteegitzat hartzen dituen pertsonen gainetik, heldutasun falta dutenak, eta direnaz edota daukatenaz harropuztuta daudenak. Errealitetik urrunago ezin egon.
Gaur egun hau da egoera: kirolari gazte batzuk (gehienek 20 urte inguru dituzte) zalantzan jartzen ari dira kirol-erakunde oso bat. Aintzatespena eta profesionalizazioa lortzen saiatzen ari dira, egungo neskek mutilek jada lan egin dezaketen lanbide batean aritzeko aukera izan dezaten.
Pertsona batzuen argudioek emakumeen kirola mespretxatzen dute, gizonen kirolak sortzen duen beste diru sortzen ez duela argudiatuz. Zer egingo dugu orduan? Deuseztatu "errentagarria ez delako"? Hori da honekin guztiarekin dirua irabazten dutenek ez dutena ulertzen: ez du zertan errentagarria izan.
Hemen diru asko dago jokoan. Jende asko bizi da hain maskulinizatuta dagoen mundu honetan: kazetariak, buruzagiak, kirolariak, entrenatzaileak, teknikariak... eta, noski, umemoko batzuk sistema zalantzan jartzera etortzeak beldurra ematen du. Beldurra, bai. Zentzugabeko beldurra, inork ez dituelako zalantzan jarriko soldata handiak, beharrezkoak ez diren gastuak, nahierara izendatutako karguak, ezta buruzagiek dirua zertan gastatzen duten ere. Euren helburua da oinarriak jartzea, kirol honetan jokatu nahi duten neska gazteek aurrera egin ahal izateko, lanbide “errentagarri” bat topatu behar izan gabe. Baina, jakina, umemoko hauek nor direla uste dute?