Azken urteotan, fenomeno kezkagarria ikusten ari gara: antsiolitikoen kontsumoaren gorakada esanguratsua, batez ere, COVID-19aren pandemiaren ondoren. Beldurrak eta isolamenduak hazkuntza salda perfektua sortu zuten antsietatea loratzeko. Eta, gizarte gisa, beste behin ere, irtenbiderik azkarrena bilatu dugu: pastilla.
Benzodiazepinak —antsiolitiko mota ohikoena— erraz errezetatzen dira. Batez ere, antsietatea eta insomnioa tratatzeko, baina askotan ez da behar bezain argi esaten sendagai horiek ez dutela sendatzen, lasaitu besterik ez dutela egiten... eta kostu handiarekin.
Arazoa ez da dependentzia sortzen dutela bakarrik, tolerantzia ere eragiten dutela baizik: gorputza ohitu egiten da, eta atzo funtzionatzen zuena, gaur egun ez da nahikoa. Konponbidea? Dosi gehiago. Mendekotasun handiagoa. Zailtasun gehiago zirkulu horretatik ateratzeko.
Ez nago botiken aurka. Une jakin batzuetan beharrezkoak dira, baita salbatzaileak ere. Baina zalantzan jartzen dut lehen baliabidea ote diren, eta ez azkena. Izan ere, antsietatea ere, deserosoa izan arren, seinale bat da. Hitz egiten digu. Zerbait ez doala ondo esan digu. Entzun gabe estaltzea, epe luzera, estrategia txarra da.
Horregatik, funtsezkoa da modu aktiboan kudeatzen ikastea. Nola? Bideak daude. Idatzi zer larritzen gaituen kaosa ordenatzeko. Elikadura zaintzea —Omega 3ak, adibidez, neuronen arteko komunikazioa hobetzen du—. Arnasa kontzientziaz hartu. Hausnartu. Mugitu. Ariketa fisikoa egin, batez ere aire zabalean. Eta behar baduzu, terapia psikologikoak ere lagun diezazuke.
Behin entzun nuen bezala, antsietatea ez da epidemia isil bat, oihu kolektibo bat baizik. Besterik gabe medikalizatzea isilaraztea da. Entzutea, ordea, sendatzeko lehen urratsa izan daiteke.