Gaur egun, auto elektrikoentzako hainbat kargaleku daude bailaran, besteak beste, Eibarren: Azitaingo gasolineran eta industrialdean, Mercadonan, Eroskin eta Aldi supermerkatuan; baita Elgoibarren ere, Urbitarte kalean, Repsolen gasolineran eta Mercadonakoan.
Kargaleku publikoak eta pribatuak
Kargalekuak erabilera publikoko lekuetan daude eta edozeinek erabil ditzake baina, oro har, auto elektrikoak gauez eta etxean kargatzen dira. Ibilgailuen kargen % 90-95 garaje partikular edo komunitarioetan egiten da, ahal dela, gauez, elektrizitatearen kostua txikiagoa delako.
Familia bakarreko garajeen kasuan, instalazioak 750-1000 euro bitarteko kostua izan lezake. Kargalekua komunitarioa denean, berriz, kasuistika askotarikoa da eta aukeratu den instalazio motaren arabera aldatzen da kontagailu kopurua, kostua, baimenak… Debegesak Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioaren inguruko eskuliburua diseinatu zuen. Gida honen helburua da auzo-komunitateetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioen prozesuari eta inplikazio nagusiei buruzko informazioa ematea, horiek aplikatzeko egin beharreko urratsak zehaztuz.
Kontsultatu laguntza programen gaineko informazio guztia Energiaren Euskal Erakundearen webgunean.
Astelehenero, erantzuna
Astelehenero, Debabarreneko Energia Bulegoak energiari lotutako galdera bati erantzungo dio kanal honetan. Irailean auto elektrikoen inguruko galderak izango dira.
Energiari buruzko edozein informazio edota aholkularitza jaso nahi izanez gero, idatzi edo deitu Debabarreneko Energia Bulego Birtuala zerbitzura. Doako zerbitzu pertsonalizatua bailarako herritar, komunitate eta enpresentzako.
Webgunea: energia.debegesa.eus
E-posta: agenda2030@debegesa.eus
Telefonoa: 943 82 01 10.