Avanza enpresak egindako proposamenak aztertzeko batzarrak egingo dituzte langileek gaur

DKT 2025ko urt. 16a, 09:28

Avanzako autobus enpresako Langile Batzordeak deitutako grebarako bi egunen faltan, Langile Batzordeko ordezkariak lan-zentroetako langileekin batzartuko dira. Aste honen hasieran, enpresako ordezkariek zenbait eskaintza egin eta langileek eskatutako zenbait puntu onartu zituzten. Gaur, horien berri emango diete langileei eta galdetuko diete ea onartzen dituzten ala grebarekin aurrera segituko duten. 

Orain dela 15 egun eskas, urtarrilaren 1ean bukatu zuten azkeneko greba Avanza autobus enpresako ordezkariek. Orduantxe bertan iragarri zuten, gauzak aldatu ezean, urtarrilaren 18an, 19an eta 20an beste greba bat egiteko asmoa zutela.

Bada, enpresak erreakzionatu eta astelehenean deitu zituen langileen ordezkariak batzarrera. ELA sindikatutik esandakoaren arabera, astelehenean zein martitzenean, egun osoan izan ziren batzartuta bi aldeak, goizetik iluntzera arte, bazkaltzeko etena eginez bakarrik.

Batzuk onartu, beste batzuk motz

Sindikatutik jakinarazi dutenez, enpresak “zenbait eskaintza” egin dizkie, “batzuk hobetu egin dira, baina beste puntu batzuetan motz geratzen dira”. Hori bai, enpresaren aldetik aldaketa batzuk izan direla azpimarratu dute ELA sindikatutik, “Langile Batzordetik eskatzen zitzaien zenbait puntu ere onartuz” eta horrexegatik, gaur batzarrak egingo dituzte lan-zentro guztietan, Gasteizen, Arrasaten eta Donostian.

Langileei galdetu

Bertan langileei aurkeztuko diete enpresak proposatutakoa eurek balora dezaten ea nahikoa den zapaturako, domekarako eta astelehenerako deituta dagoen greba bertan behera lagatzeko edo nahikoa ez bada, markatutako bideorriarekin segitzeko. Erabakia hartu bezain laster jakinaraziko dute.