Abenduaren 11n, astelehenez, bailarako lau euskara elkartetako lehendakariak batu ziren Elgoibarren -Ermuko Euskal Birusa, Soraluzeko Pil-pilean, Elgoibarko Izarra eta Debako Zuhatza-, Bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa sinatzeko.
Adierazi dutenez, datozen hilabeteetan lau elkarteotako komunikabideek – Ermua eta Mallabiako Drogetenitturrik, Soraluzeko Pil-pileanek, Elgoibar eta Mendaroko Barrenek eta Debako Berriketanek - euren arteko elkarlana areagotuko dute eta bailara mailan egituratzeko pausoak emango dituzte, “komunikazio talde sendoagoa” eraikitzeko.
"Uste dugu elkarrekin jardunda gaitasun handiagoa lor dezakegula gure komunikabideak berritzeko, izaera multimedia indartzeko, gure profesionalen formazioa eta lan-baldintzak hobetzeko...Eta horrela, herritarrei kazetaritza ekoizpen erakargarriagoak eta kalitatezkoagoak eskaintzeko modua izango dugula", azaldu dute.
Autonomia eta elkarlana
Bi oinarri nagusi zehaztu dituzte bide horretan aurrera egiteko: “Autonomia eta elkarlana”. Autonomia, “komunikabideek komunikazioan zentratutako egitura eta funtzionamendu beregaina izan dezaten” eta elkarlana, komunikazioa hain azkar aldatzen ari den garaiotan, “bailarako hedabideekin eta gainerako euskarazko tokiko hedabideekin elkarlanean jardunda hobeto eta errazago” lan egin ahalko dutela uste dutelako. Hala, lau euskara elkarteek konpromiso irmoa adierazi dute komunikabideei behar duten “laguntza eta babesa” eskaintzeko norabide horretan aurrera egin dezaten.
Erakundeen babesa
Elkarteetako lehendakari eta komunikabideetako lankideez gain, hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu zuten Elgoibarko agerraldian. Bertan izan ziren, besteak beste: Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko, Mendaroko eta Debako udaletako ordezkariak; Tokikomeko eta Debegesakoak; Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundietako euskara zuzendariak; eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaria. Guztien artean, erakundeek babes zabala adierazi zioten egindako hautu estrategikoari.
Proiektu irekia
Ekitaldian azaldu zutenez, bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa hiru urteren ostean iritsi da, izan ere, bailarako komunikabideek 2020an ekin zioten euren arteko elkarlana indartzeko gogoeta prozesuari eta hiru urteotan horretarako aukera teoriko eta praktikoak landu dituzte elkarrekin, Alberto Etxeandia aholkulariaren laguntzarekin.
Oraingoz, hastapeneko prozesu horretan parte hartu duten lau elkarte eta komunikabidek erabaki dute bailaratzearen aldeko hautu estrategikoarekin bat egitea, baina adierazi dutenez, proiektua "irekia" da eta etorkizunean ere zabalik izango da proiektuarekin bat egin nahi duten eragileek bertan parte hartzeko.
Urtarrilean webguneak plataforma berean
2024arekin batera bistaratuko da elkarlanaren bidean emandako pausu koalitatibo nagusienetako bat. Izan ere, urtarrilaren 15ean, bailarako lau komunikabideek euren webguneak Tokikomen plataforma digital bateratuaren bidez argitaratuko dituzte, bailarako udal guztiek finantzatu duten inbertsio planari esker. Hala, Drogetenitturri.eus webgune berria sortuko da Ermuan; eta Barren.eus eta Debako Berriketan.eus itxuraberritu dira Elgoibarren eta Deban.
Atariok punta-puntako diseinu eta funtzionalitateak izango dituzte, bereziki zuzenduak edukiak gailu mugikorretatik kontsumitzeko. Horrez gain, hemendik aurrera webgune guztiak edizio gune berberetik gestionatuko dituzte -aurretik plataforma bera ezarria zuen Soraluzeko Plaentxia.eus barne- eta horri esker, asko erraztuko da interes komuneko edukiak trukatzea komunikabideen artean.
Webguneak berrituta eta plataforma berean ezarrita, komunikabideek interneten duten jarduna indartu eta garatu nahi dute, herritarrei eduki gehiago eta modu erakargarriagoan eskaini ahal izateko.