Boleroak, balsak eta rantxerak egongo dira entzungai Ermua Antzokian larunbat honetan, urtarrilak 20, Trio Medianoche talde eibartarraren eskutik eta, bertara joan nahi dutenek ondoko saltokietan eros dezakete sarrera dagoeneko, 5 euroren truke: Plan B eta Sagarra tabernetan, eta Sagardui eta Villa de Ermua dendetan, hain zuzen ere. Kontzertu honek helburu solidarioa du, eta sarrerekin jasotako diru guztia SLC6A1 elkartera bideratuko da. Gainera, kontzertura joan nahi ez dutenek ere ekarpena egin ahal izango dute: 07753 zenbakira Bizuma eginez edota ES37 2103 7089 0300 3002 5043 kontura transferentzia eginez.
SLC6A1 geneari lotutako gaixotasuna (Entzefalopatia Epileptikoa eta Garapenaren Entzefalopatia, hain zuzen ere), gaixotasun arraroa eta berria da. 2015ean egin zen lehen diagnostikoa, eta garai hartan 34 kasu zeuden mundu guztian. Drogetenitturri aldizkariak ekainean argitaratu zuenez, SLC6A1 genearen mutazioa pairatzen duen umea dago Ermuan, eta haren gurasoek (estatuko beste guraso batzuekin batera) SLC6A1 elkartea sortu dute aurtengo otsailean, sendabidean ikertzeko dirua lortzeko asmoarekin. Ordutik, hainbat ekintza antolatu dituzte Ermuan eta estatuko leku ezberdinetan.