Urkiola-Udala mendi ibilaldia zapatuan

Ander Gomez 2024ko urt. 17a, 08:00

Artarraiko kideak urtarrilaren 1ean, Urkon.

Urtarrilaren 20an, zapatuan, mendi irteera egingo du Artarrai taldeak eta, bazkideez aparte, animatzen den edozein herritar gonbidatu dute ibilaldira batzera. Parte-hartzea doakoa izango da guztientzat, buseko plaza ordaindu beharko da bakarrik.

Urte berriari ongi etorria emateko tradiziozko irteeraz aparte (argazkian ikusgai), 2024ko lehen mendi irteera antolatu du Artarrai Mendi Taldeak zapatu honetarako.

Urkiolako parke naturaletik Arrasateko Udala auzorainoko ibilaldia egingo dute eta, edonork parte hartu dezan, bi ibilbide desberdin planifikatu dituzte. Mendizale bakoitzak hobeki datorkiona aukeratu ahalko du, jarraian xehetasunak:

  A B
Zailtasuna Erdi-mailakoa Erraza
Desnibela 1100m 375m
Distantzia 17.5km 16km
Ibilbidea

Urkiola
Besaide
Udalatx
Udala

Urkiola
Besaide
Udala

Ibilaldi biek denbora berbera iraungo dute —zazpi ordu inguru—, mendizale guztiak ordu berean Udalara iritsi eta batera har dezaten Ermurako buelta.

Parte-hartzea doakoa

Debaldeko ekintza izango da: bazkide izan ala ez, edozein mendizalek hartu ahalko du parte. Ordaindu beharreko bakarra antolakuntzatik erreserbatu duten autobusa da, Ermutik ibilbide hasiera joateko. Bus plazak 10 euroko kostua izango du; 12 euro bazkide ez direnentzat.

Irteera Agirre Kirolak paretik egingo dute, goizeko 8etan.


Informazio gehiagorako idatzi artarraimenditaldea@gmail.com helbidera.