Eskubaloian jokatu nahi duten mutikoak hamabi urte bete arte bakarrik aritu daitezke Ermuan, eta hori ekiditeko mutilen taldea sortu nahi du herriko guraso talde batek irailetik aurrera. “Umeak Lehen Hezkuntzan dauden bitartean, eskubaloi taldeak mistoak dira —azaldu du guraso batek—, baina hamabi urtetik aurrera neskak eta mutilak bereizi egiten dira, eta neskek herrian jokatzen jarraitzen dezaketen arren, mutikoek beste herri batzuetako taldeetara joan behar izaten dute”.
Egoera horren aurrean, eta aurten “ume nahikotxo dagoela ikusita”, gurasook lanean dihardute irailean mutilen taldea martxan jarri ahal izateko. Hain zuzen ere, eskubaloia probatzeko aukera eskainiko diete 2012an jaiotako mutikoei hilabeteko azken igandean, urtarrilean hasi eta ekainera bitartean, eta saio horietan, penalti jaurtiketak, partida laburrak eta eskubaloiarekin lotutako hainbat jarduera burutuko dituzte.
Lehenengo hitzordua urtarrilaren 28an izango da, Betiondo Kirolguneko kantxan, 11:00etan, eta eskubaloian esperientzia duten mutikoek zein inoiz jokatu ez dutenek parte hartu ahal izango dute. Ekintza honen sustatzaileek adierazi dutenez, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, baina informazio gehiago nahi dutenek edo zalantzak dituztenek 639414205 telefono zenbakira deitu ahal izango dute.