Ermuko Txirrindulari Elkarteak umeentzako izen-emate epea zabaldu du

Dorleta Vidal 2024ko urt. 20a, 09:00

Zuzendaritza aldaketa egin berri da Ermuko Txirrindulari Eskolan (ETXE-n) eta, zuzendaritza-kide berriek adierazi dutenez, eskola biziberritzeko ahalegina egingo dute. Horiek horrela, urtarriletik aurrera, hiru modalitate ipiniko dituzte aukeran (errepideko txirrindularitza, ziklo-krosa eta MTBa) eta entrenamenduak Aitor Hernández txirrindulari ermuarrak gidatuko ditu.

Zazpi eta hamalau urte bitarteko gaztetxoek txirrindularitza gertutik ezagutzeko aukera izango dute Ermuko Txirrindulari Eskolari esker. Izan ere, interesa duten neskato eta mutiko guztiek eskolak eskaintzen dituen modalitate ezberdinak probatu ahal izango dituzte datozen hilabeteotan (errepideko ziklismoa, ziklo-krosa zein MTBa), eta eskolak berak utziko dizkie beharrezkoak diren osagai guztiak, hala eskatuz gero: kaskoa, arropa eta bizikleta, besteak beste. 

Interesa dutenek edo informazio gehiago behar dutenek ermukotxirrindularietxe@gmail.com helbidera idatzi dezakete edo 644655085 telefonora deitu. Gainera, elkarteko Facebookeko (@Ermuko Txirrindulari Eskola) eta Instagrameko (@ermukotxirrindularietxe) perfiletan aurreko denboraldietako argazkiak eta informazio anitza topatu daiteke.  

Zuzendaritza kide berriak diren Aitor Hernándezek eta Rubén Pazosek taldea sendotzeko eta gaztetxoen zaletasuna berriro pizteko nahia adierazi dute, eta urtarrileko Drogetenitturri aldizkarian egongo da irakurgai Hernándezi eta Pazosi egindako elkarrizketa.