Ermuko Udalak martxan jarri du Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko kartel lehiaketa.
Udaleko Berdintasun Sailetik adierazi dute «berdintasuna, borroka feminista eta emakumeen partaidetza soziopolitikoa» irudikatzen dituen diseinua bilatzen dutela, M8aren bueltan egingo diren kartel eta liburuxketan zabalduz «aldarrikapenen ikusgarritasuna areagotzeko».
Teknika, koloreak, gaiaren ikuspuntua... libreak izango dira, soilik bi salbuespenek baldintzatuta: irudikatutakoak bat egingo du aipatutako aldarrikapenekin —betiere «zentzu demokratikoan eta inor iraindu barik»— eta inprimatu ahal izango da —erliebearekin edo gardentasunarekin jokatzen duten diseinuak bateraezinak lirateke, esaterako—.
Kartelek 30-40 zentimetro arteko zabalera eta 45-60 zentimetroko altuera izango dute, eta testua gazteleraz zein euskaraz agertu beharko da, hurrengo elementuez osatua:
- Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna
- 8 de marzo, Día Internacional de las Mujeres
- 2024
Nahi izanez gero, posible izango da bestelako esaldirik edo hitz solterik gehitzea, baina elebitan azaldu beharko dira hauek ere.
Epeak eta sariak
Lanak otsailaren 12a baino lehen entregatuko beharko dira udaletxean —eskuz (Abiapuntu bulegoan) edo posta bidez (Komentukua kalea, z/g)— eta otsailaren 23an emango da aditzera erabakia. Irabazleak 600€ jasoko ditu eta bere diseinua M8ko kartel eta eskuorrietan inprimatuko da. Horrez gain, Ermuko ikastetxeetako ikasleen artean beste diseinu bat hautatuko da eta 300€ jasoko ditu egileak.
Erakusketa
Parte hartutako diseinu guztiak Emakumearen Topalekuan eskegiko dira, eta hilabetez egongo dira bertan ikusgai.
2022ko kartelen erakusketa.
Erretiratu ostean, bere obra jasotzeko aukera izango dute egileek; baina, apirila pasata, kartela erreklamatzeko eskubidea galduko dute.
Lehiaketaren arau guztiak irakurgai hemen: