Blossom Micro Folk jaialdian izango da Jon Moma

Ander Gomez 2024ko urt. 26a, 08:27

Jaialdiaren kartela, Jon Momaren parte-hartzea iragartzen.

Emanaldi bereziak eskaini ditu Jon Momak azken hilabeteotan Bilbo aldean eta, hurrengo astean, beste hitzordu berezi bat dauka bertan: Zorrotzaurre uharte artifizialean joko du, Blossom jaialdiaren lehen edizioan.

Otsailaren 3an, zapatuan, Blossom Micro Folk jaialdia ospatuko da Bilbon eta kartelaren parte da Jon Moma musikari ermuarra.

Crowdfunding kanpaina bidez atera zuen bere lehen lana bakarlari gisa (Universos, 2021) eta geroztik —gitarra edo tronpeta eskuan hartuta— hamaika tokitan aritutakoa da; horietako batzuk, leku bereziak oso:

Bilboko Areatzako zubian izan zen aste batzuk atzera, Arriaga Antzoki alboan, kaleko musikari gisa.

Bideoa: Natalia Fuentes.

Azaroan, Metro Akustikoaren III. edizioan izan zen. Bertan, musikari desberdinak egon ziren hiriko geltoki nagusietan jotzen aldi berean: Moyua, San Mames, Zazpikaleak... eta Abandokoan izan zen bera.

Bideoa: Bilboko Metroa.

Datorren astean, Zorrotzaurreko uharte artifizialean joko du, Open Espazioan. Eraikina Artiatch galleten fabrika izandakoa da, baina eraberritu egin dute eta espazio kultural, sozial eta teknologiko bihurtu da orain.

Open Espazioko eszenatokietako bat.

Festibalaren sarrera doakoa izango da eta 19:00etan ekingo diote kontzertuei.