Hamabi idazlek sinatutako liburuaren aurkezpena

Ander Gomez 2024ko urt. 30a, 09:07

Nieves Gómez eskuinean, liburuko beste idazleekin.

Nieves Gómez mediku eta idazleak "Un sueño por cumplir" liburua idatzi du beste 11 emakumerekin batera eta obra aurkezteko bi hitzordu ditu hurrengo egunotan: bata ostiral honetan Durangon, gainontzeko idazleekin; bestea hurrengo ostiralean, Lobiano Kulturgunean, idatzi dituen bi liburuak aurkezten eta sinatzen.

Mª Nieves Gómez Rodriguezek —Edurne gertukoentzat— Un sueño por cumplir liburu kolektiboan hartu du parte. Idazle bakoitzak istorio independente bat sortu du: batzuk fikzioa errealitatearekin nahasten dute, beste batzuk autobiografikoagoak dira, baina guztiak garapen pertsonalaren ildotik jotzen dute.

Nieves Gomezen kontaketak "Begiratu zure baitan" du izenburu eta hiru emakume nagusik erretiro baten bizitzen duten istorioa kontatzen du, dauzkaten barne hutsuneak deskubritu, uxatu eta ilusio berriez bete nahian egiten duten prozesua.
Fikziozko kontaketa bada ere, kontsultan hartzen dituen adineko emakumeengan (gaixotasunez haratago) sumatzen dituen minak transmititu nahi ditu: «Erreprimitutako emakumeak izan dira, zaintza sujetuak eta hezkuntza galarazi dion belaunaldi baten parte» dio idazleak, «bizitzan zehar okupatuta daude "eginbeharrekoekin", baina egun batetik bestera alargunak dira, edo gaixotasun bat dute, edo seme-alabak etxetik joaten dira... Orduan hausnartzen dute bizitakoaz, eta orduan sortzen dira barneko hutsune eta min horiek».
Horrelako emakumeak inspiratu nahi ditu, usteak eta inposatutako eginbeharrekoak alde batera utzi eta bizitzaren zentzu propioa aurkitu dezaten. «Introspekzio-lan egokia eginaz, beti dago aldatzeko eta hobetzeko -transformatzeko- aukera».

Aurkezpenak

Liburua Durangoko Bizenta Mogel liburutegian aurkeztuko du ostiralean (otsailak 2, 19:00etan), beste idazleekin batera.

Horretaz aparte, hilaren 9an Ermuan izango da, Un sueño por cumplir  lan kolektiboa eta Mi particular baile de Sambito  liburu propioa aurkezten, 18:00etan, Lobiano Kulturgunean.