EuskarAbentura espedizioa aurkeztu diete institutuko ikasleei

Ander Gomez 2024ko ots. 2a, 10:35

EuskarAbentura espedizioarekin, 100etik gora gaztek Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzeko aukera izango dute udan. Izena emateko epea zabalik dago eta 15-17 urte bitartekoek hartu dezakete parte.

Herenegun, asteazkena, EuskarAbentura proiektua aurkeztu zieten Ermua BHIko ikasleei. Aurtengoa, 7. edizioa izango da eta interesatuek martxoaren 8ra arte izango dute inskribatzeko aukera.

2024ko EuskarAbenturaren promozio bideoa.

Izena ematerako orduan, bideo bat bidali beharko dute alde batetik, nork bere burua aurkezten. Bestetik, proiektu bat egin beharko dute: "Euskara batua eta euskalkiak", "Emakumeak eta kirola" edo "Utopia" izango du gaitzat eta dokumentu literarioa, lan historikoa, bideoa, abestia, artelana edo ordenagailurako programa/webgunea izan daiteke.

Bidalitako lan guztien artean 125 aukeratuko dituzte, eta egileok izango dira aurtengo EuskarAbentura espedizioan parte hartuko dutenak, uztailaren 1etik 31ra.


2024ko EuskarAbenturan izena emateko formularioa hemen.