Ohiturak eskatu bezala, otsailaren 4an, Santa martiriaren egunaren bezperan, herria alaituko dute trikiti soinuek eta abestiek, kopla tradizionalez gain, euskal kantagintzako abesti ezagunak kantatuz. 11.30etan dute irteera Abeletxe Egoitzan eta bertako egoiliarrei abestu ostean euren ibilbide alaiari emango diote hasiera: Santa Ana auzoa, Santiago, Ongarai, San Pelaio, erdigunea berriro... besteak beste.
Elkartasun-egitasmoetara bideratzen da herritarrengandik ibilbidean zehar jasotako dirua eta aurtengo bilketa Kolonbiara, Barrankilla hirira bidaliko da. Bertako ikastetxe batean ari da lanean Mireia Suarez ermuarra eta dirua hezkuntza zentro hartako familia behartsuenei laguntzeko erabiliko da.