Otsailaren 8an, osteguna, Oilarraren jokoa egingo da plazan (16:00etan) eta edozein haurrek hartu ahalko du parte, aurretik izena emanda.
Ermuan noiztik egiten da Oilarraren jokoa Eguen Zuri egunean?
Erantzun zabalduena: “Bizi guztian!”. Denboran atze atzera doazen tradizio guztiek bezala ez du data zehatzik. Belaunaldi zaharrenek ume-umetatik ezagutu dute eta haien aurretikoek ere. Urte batekin tematuta, bakarra topatu dugu: 1908an jaiotako herritar batek mutikotan jokatzen zuela. Haren mutiko sasoiak 1920 urte ingurura eramaten gaituzte; beraz lasai askoan esan genezake Ermuan Oilarraren jokoak ehundik gora urte dituela. Eta urte luze horietan berdin-berdin jokatzeko abilezia mantendu du: oilar bat kutxa baten sartuta plazako frontoian eta plazaren beste muturretik gerturatzen ahaleginduko zaio jokalari bat, begiak estalita. Txistu-danbolin soinuez lagunduta, ikuslegoaren “ezkerrera!” “eskumara!” eta “zuzen!” oihu artean halan edo holan orientatuz, eskuetan daraman makilarekin kutxa erdi-erdian jo beharko du irabazteko.
Bizirik jartzen zen oilarra lehen, eskasia sasoietan esku zabalik hartzen zena irabazlearen etxean, lapikoa ondo betetzen zen-eta haren okela mardularekin. Egun horretarako hazitakoak izaten ziren, mimo handiz, eta Mallabiko edo Eitzagako baserri jakinetatik propio ekarritakoak. 2005. urtetik aurrera, animalien babeserako legeari men eginez, benetako oilarra zeramikako batengatik ordezkatu zen eta huraxe egoten da frontoi bazterrean, kukurruku barik.