Bihar, ostirala, Santixapeko iturritik aterako da hartza (18:30ean) eta Ermuko kaleak zeharkatuko ditu koko-jantzita doazen herritar guztiekin batera.
1934ko aratuste alai haietan atera zen hartza estreinako aldiz lagun artera: ardi narru batzuekin mozorrotu zuten bat eta arropa zaharrekin, kokoz jantzita atera ziren gainontzekoak. Esku artean gitarrak, tronpetak, turutak… Ikasi berri eta kanturako prest zituzten ere Gillermo Bengoetxea, Txindurri bertsolariak eurentzako sortutako lau koplak: inguruko mendietan agertu zen piztia Mañako lezan harrapatzeko egindako komeriak kontatzen zutenak.
Herrian zehar kalejira luzea egin zuten eta diru dezente batu. Bazuten nori eman: tuberkulosi gaixotasunarekin oso makalik zegoen gazte baten familiari. Sendatzeko tratamendua garestia zen, ez zegoen edozeinen eskura eta ibili eta ibili 1000 pezeta batu zuten, dirutza galanta sasoirako.
1936ko gerraren osteko urteetan debekatu egin ziren inauteri, aratuste eta mozorrotzeok, baina herritarrek akorduan gorde zituzten hartzaren bertsoak. 1990 urtean berreskuratu ziren, urte askotako loaldiaren ostean, eta belaunaldi desberdinak ikasita, gaur egun bizirik jarraitzen du hartzaren kantujiraren magiak. Negualdia Mañako lezan-edo emanda, arratsaldean berriro etorriko da jendartera.