Eguraldi aldakorrari aurpegi alaia jarrita, zapatuan inauteri festak hartu zituen Ermuko kaleak. Hasi eguerdian eta ordu txikietara, musika eta dantza protagonista zirela, erdigunea jendez, kolorez, imajinazioz eta umorez bete zen. Dozena bat kuadrillak hartu zuen parte kalez kale egindako desfilean; beste askok eta askok, parte hartu ez arren, herrian zehar egun osoz desfilatu zuten bikotean, ikaskideekin, familian…
Desfileak bere lehiaketa izan zuen eta antigoaleko automobilean ezkondu zen San Ignaziak eta bere gonbidatuek irabazi zuten; bigarren saria Erdi Aroa irudikatu zuen taldearentzat izan zen.