Bihar, otsailak 14, Lobiano Kulturguneko behin behineko liburutegia itxiko da.
2022ko uztailean itxi zituen Teresa Murgako ateak Udal Liburutegiak. Eraikinean berrikuntza eta handitze lanak egin bitartean, Lobianoko erakusketa gelara eraman zituzten liburu, material eta altzari guztiak. Geroztik, espazio horrek funtzionatu du liburutegi bezala; baina, obrak bukatu berri, guztia instalazio berrira eramaten hasiko dira bihartik aurrera.
Lekualdatze lanek hilabete inguru iraungo dutela jakinarazi dute Udal Liburutegitik eta, tarte horretan, ez da egongo liburutegi “fisikorik”. Hori horrela, maileguen kopurua handitzea eta bueltatzeko epea luzatzea erabaki dute, eta herritarrak animatu nahi dituzte Lobianora gerturatzera gaur, «zenbat eta liburu gehiago maileguan eraman, orduan eta arinago egingo baita lekualdaketa».
Lobianoko liburutegia 9:30etik 20:30era egongo da zabalik.
Mailegu digitala berdin
Lobianotik Teresa Murgarako lekualdatzeak ez du eraginik izango liburu digitalen maileguan, sistemak aktibo jarraituko du eLiburutegia plataforman.