Piropoak bidaltzeko epea zabalik

Ander Gomez 2024ko ots. 14a, 08:23

Ermuko Euskara Sailak, euskara «modu sortzaile eta ludikoan» zabaltzeko asmoz, piropo lehiaketa antolatu du aurten ere. Martxoaren 8ra arte jarri dute aurkezteko epea eta, ostean, hiru saritu aukeratuko dira: bi gazte (txeke banarekin) eta nagusia (La Perlarako esperientzia sari).

Gaur, San Valentin eguna, Piropo lehiaketara aurkezteko epea zabaldu dute Euskara Sailetik, eta martxoaren 8ra arte (barne) bidali ahalko dira lanak.

Piropoen formatua librea da; baldintza bakarrak: euskaraz idatziak eta ez-sexistak izan behar direla. Bestela, edozein generotako eta edozein adineko pertsonek hartu ahal dute parte lehiaketan; hori bai, sariei dagokienez, adinka banatuko dira.

Sariak

Gazteek Ermuko saltokietan erosketak egiteko txekeak jasoko dituzte: 14 urtez azpiko irabazleak 50 euroko txekea jasoko du; eta 15-17 urte bitartekoak, 80 eurokoa. Sari nagusia bi pertsonentzako esperientzia izango da, La Perlan, eta hurrengo zerbitzuak barne hartzen ditu: Talasoterapia zirkuitua, masajea aromaterapiarekin eta dastatzeko menua La Perla jatetxean.

Lehiaketara aurkezteko bidali piropoa euskara@udalermua.net helbidera, sortzailearen datu pertsonalak atxikituta: izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefonoa / e-maila.