Giro ederrean estreinatu zuten Ermuan Kantuan liburua asteartean

Ander Gomez 2024ko ots. 15a, 09:27

Ermuan Kantuan ekimenaren 2024ko lehen saioa egin zuten herenegun, otsailak 13, liburuaren azken edizioa argitaratu berritan.
Hurrengo saioa Korrikaren bueltan egingo da, martxoaren 22an, eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi diete Euskal Birusa Elkarteko eta Ermuko Gazte Asanbladako kideek.

Irudiak: Piedi Eizagirre.

Aurtengo lehenengo 'Ermuan Kantuan' saioa egin zuten pasa den asteartean, Aratoste Martitzena.

Arratsaldeko 7etan elkartu ziren eta kantujirak izandako harrera nabarmendu dute antolakuntzatik: ez omen zuten «hainbeste jende» espero, eta are gutxiago «hain adin desberdinetakoak». Lau geldiune egin zituzten —Komentukua, Erdikokale, Euskaldunberri eta Karabixan— eta lauzpabost kanta abestu zituzten toki bakoitzean.

Kantaldiaren ostean egindako balorazioa oso positiboa izan da: «Jendea oso animatuta zegoen, mozorrotuta... oso gustura egon ginen» adierazi dute antolakuntzatik; eta, hortaz, «gogoz» espero dutela hurrengo hitzordua: martxoaren 22a, 19:00etan, Korrika Kulturalaren baitan. Euskal Birusa Elkartetik eta Gazte Asanbladatik herritarrak animatu nahi dituzte ekitaldira batzera, «antzinako zein egungo euskal kantuak abestuz, ermuarren arteko harremanak sendotu eta bertako kaleak alaitzeko».

Liburua eskuragarri oraindik

'Ermuan Kantuan' liburuaren ale bat izateko interesa duenak Euskal Birusa Elkartearen egoitzara jo beharko du (Erdikokale zeharbidea 2, 1) 8:00etatik 12:00etara bitartean. Aldez aurretik elkartearekin harremanetan jartzeko, idatzi euskalbirusa@gmail.com helbidera edo deitu 688 63 28 74 telefonora. Bestela, Gazte Asanbladaren bitartez ere liburuak enkargatzeko aukera dago.

Liburuak 6 euroan daude salgai,
5 euroan bazkideentzat.