Canastas Contra el Cáncer Infantil ekimena egingo da asteburuan (otsailak 17-18) eta ekimenera batuko da Ermua Saskibaloi Eskola. Lau partidu dituzte: bat etxean; Zornotzan, Bilbon eta Galdakaon besteak. Bihar, zapatua, jokatuko dira denak eta horiek guztietan lortutako puntu bezainbeste euro emango dituzte dohaintzan.
Acelaradora Unoentrecienmil proiektura bideratuko da dirua, minbizia duten haur eta nerabeek kirola egin dezaten terapia modura. Unoentrecienmil Fundazioak azaldu bezala, «frogatuta dago kirolak ospitaleratze denbora %17an murrizten duela, albo-kalteak saihesten dituela eta bizirauteko aukerak areagotzen dituela».
Ermua Saskibaloi Eskolatik azaldu dute ekimenera batzeko arrazoi nagusiak direla, besteak beste: ahal den laguntza guztia ematea, jokalari gaztetxoenen artean baloreak sustatzea eta publizitatea egitea, «garratzitsua iruditzen zaigu mezua ahalik eta jende gehienari helaraztea: gaixotasunaren inguruan kontzietziatzea, noski, baina baita Unoentrecienmil proiektuak proposatzen duen kirol terapia berritzailea ezagutaraztea ere».
Itsulapikoak herritarren eskura
Klubak berak egingo duen ekarpenaz gain, herritarrak ere gonbidatu dituzte ekintza solidariora batzera: Premini kategoriako taldeak (9-10 urte) Durangoko Tabirako taldearekin jokatzen du bihar Betiondon, 12:45ean, eta itsulapikoa jarriko dute nahi eta ahal duenak ekarpena egin dezan, —«guraso batzuk, adibidez, euren seme-alabek sartutako puntuak eurotan ematera konprometitu dira», azaldu dute eskolako zuzendaritzatik—. Horretaz aparte, itsulapiko bana jarriko dira Zappa eta Zurich tabernetan.
Bestela, laguntzeko interesa duen edonor Ermua Saskibaloi Eskolarekin jarri daiteke harremanetan zuzenean ermuasaskibaloieskola@gmail.com helbidera idatzita edo 629 32 94 64 telefonora deituta.