Zaintzaileei zuzendutako proiektua aurkeztu zuten atzo (otsailak 21), Ermuko Izarra Zentroan. Bertan izan ziren Juan Carlos Abascal Ermuko Alkatea; Jesica Ruiz, Durangoko alkateordea; Idoia Mendia, bigarren lehendakariordea eta Lan-Enpleguko sailburua; eta Karmele Acedo, SSI (Gizarte Zerbitzu Integratuak) enpresako zuzendari gerentea.
Pandemia garaitik dago Eusko Jaurlaritza SSI enpresarekin elkarlanean, ZainLab programaren baitan, zaintzen alorrean zerbitzu berri eta eraginkorragoak sortzeko bidean eta, atzokoan, Mentins formakuntza aurkeztu zuten. Lehendakariordeak kontatu zuen proiektua sortu zela "zaintzaileen profilera (gehienak emakumeak, etorkinak, prekarizatuak...) eta berauek dituzten lanaldietara moldatzen den prestakuntza aurkitzeko beharretik"; eta, horri erantzuteko, SSIk formakuntza mistoa proposatu zuela azaldu zuen enpresaren buru Karmele Acedok.
Autoformakuntza eta aurrez aurrekoa
Mentins metodologiak autoformakuntza eta aurrez aurrekoa uztartuko ditu: maleta pedagiko espezifiko bat diseinatu dute alde batetik, ariketak eta kasuak "edonon eta edonoiz" lantzea ahalbidetzeko; bestetik, klase teoriko-praktiko presentzialak emango dira zapaturo, arratsaldez, eta orduan ebaluatuko da astean zehar landutakoa.
Karmele Acedo metodologia azaltzen; alboan, Idoia Mendia eta Juan Carlos Abascal.
Saiook Izarra Zentroko auditoriumean egingo dituzte ermuarrek, baina baita durangarrek ere. Aurrera begira, helburua "Durangon ere formakuntza presentziala eskaintzea" dela azaldu zuen Jesica Ruizek; baina, "oraingoz ezinezkoa" denez gero, eskerrak eman nahi izan zizkion Ermuari "eskainitako laguntza desinteresatuagatik".
Proiektua baloratzerako orduan, zahartze demografikoa dela "Ermuko erronka nagusienetakoa aurrera begira" adierazi zuen alkateak eta, horrelako egitasmoen aurrean, Ermua beti egongo dela prest "bere burua esperimentazio-leku bezala aurkezteko". Horrez gain, azpimarratu zuen adinekoei egokitutako zerbitzuak eta azpiegiturak sortzea "benetan garrantzizkoa" dela, "baina, berdin edo areago, eurak zainduko dituzten pertsonen formakuntza eta ongizatea bermatzea".
Ikastaroa martxoaren 9an hasi eta irailera arte luzatuko da. Guztira 450 ordu izango dira —horietatik 88 presentzial— eta, amaitzean, Arreta Soziosanitarioa emateko ziurtagiria jaso ahalko dute zaintzaileek.