Euskal Birusaren izenean Korrikaren lekukoa eramateko aukera egongo da

Dorleta Vidal 2024ko mar. 4a, 10:45

2022an, San Martin Azokan talogile ibiltzen diren andretako batzuk eraman zuten Korrikaren lekukoa Euskal Birusaren izenean.

Martxoaren 20an helduko da Korrika Ermura, eta Euskal Birusaren bazkideek lekukoa eramateko aukera izango dute, zozketan izena emanez gero.

Korrikaren 23. edizioa martxoaren 20an (asteazkena) helduko da Ermura, 10:00ak inguruan. Urtero bezala, Euskal Birusa Euskara Elkarteak Kilometro bat erosiko du herriko beste elkarte batekin erdibana, eta bazkideei emango die kilometro horretan lekukoa eramateko aukera.

Egun eta ordu horretan kalean egon daitezkeen eta korrika egiteko gogoa duten bazkideek mezua bidali beharko dute euskalbirusa@gmail.com helbidera, 943 17 93 50 edo 688 63 28 74 telefonoetara deitu edota elkartearen bulegora gerturatu (Erdikokale zeharbidea 2, 1). Izena ematen duten guztien artean egingo da zozketa, eta irabazleari jakinaraziko zaio.