Loraldi goiztiarreko zuhaitza den arren, aurten hotzei eta elurrei aurrea hartuta ernetu zaigu, udaberria lehenago etorri den sentsazioa emanez. Tulipa moduko txortatxoz jantzita, barrutik zuri eta kanpotik arrosa, erretratuetarako ondo baino hobeto jarria dago jauregiaren eta elizaren bi dorreen erdian. Goizeko argiarekin da distiratsuen ikusten den unea, tulipak zabalik eta egunsentiko ihintz tantak aldean dituenean.
Kamerarekin klik egin eta ene, zer da berde deigarri hori, argazkiaren edertasuna pikutara bidali didana? Beiraren kontenedorea! Mugitu alde batera, bestera, joan atzerago, makurtu, ondoko jarleku gainera igo… alper-alperrik, edukiontzia hantxe!
Datozen egunotarako euri iragarpena dagoela pentsatzen dut eta horrek zimelduko dituela Pispilluaren hosto erorkorrak, erabat desagertuz datorren urtera arte. Edukiontziak baina hantxe jarraituko du, tinko. Hasperen luze batekin, lurreko hosto perfektuaren bila minutu batzuk eman ditut, ahoan puspila perfektua egiteko asmoz, baina haren gustu mingotsak umetako paisaia eder batera eraman nau, ahaztu eraginez ateratako argazkiaren nolabaiteko inperfekzioa.