Ermua CDk inklusibitatea sustatzea eta emakumezkoak berriz ere klubean jokatzea ditu ardatz eta helburu; horregatik, —nagusien mailarainoko taldeak sortzera irekita egon arren— haur eta gazteen taldea osatzeko erabakia hartu dute.
San Pelaioko zelai zaharrean jokatu duen emakumezkoen talderik izan zen Ermuan (70. hamarkadan, 90eko hasieran...). Teodoro Zuazua futbol zelaia 2004. urtean inaguratu zenean ere, senior mailako neskak izan ziren zelai berrian jokatzen lehenak, Eibarraren aurka. Talde honek bi urte inguru iraun zituen aktibo. Geroztik, nesken taldea berreskuratzeko hainbat ahalegin egin dira —oraingoan beste bat— baina, kasu honetan, gaztetxoenetan zentratzeko erabakia hartu dute: “Egun badago klubean jokatzen duen neskarik, mutikoekin batera dihardute” azaldu du Jorge Veloso Ermua CDko kirol zuzendariak, “baina agian euren espazio propioa nahi dute, ez-mixtoa, eta berau sortzea dugula betebehar uste dugu”.
Teodoro Zuazuaren inaugurazio eguneko talde argazkia.
Garbi daukate erronka handia dela eta zailtasun gehigarriak dituela Ermuak: "Eskubaloia oso errotuta dago hemen, erreferente potenteak daude emakumezkoetan eta normala da haurrek bertara jotzeko joera izatea". Baina behintzat" eskaintza hor egon behar dela diote, eta ez bakarrik futbolean: "eskubaloian, atletismoan, saskibaloian, arte martzialetan... edozein kiroletan". Horregatik animatu nahi dituzte futbola gustuko duten neskak taldea osatzera, "batez ere, mundu mailan emakumezkoen futbolak hainbesteko presentzia lortzen ari den momentu honetan".
Etorkizunera begira, gazte-gaztetatik hasitako taldeak kategoriaz igotzen joatea nahi bada ere, argi utzi nahi izan dute hori ez dela inportanteena: "Neskek euren espazio propioa eduki ahal izatea eta disfrutatzea, hori da garrantzitsuena".
Interesa dutenek informazio gehiago jaso dezakete directiva@ermuacd.com helbidera idatzita edo 679 332 075 telefonora deituta.